Dantzak hartuko du Azkoitia asteburuan

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 30a

Gaztetxoen erromeria eta dantza jauziak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean Elkargunean, eta igandean 200 dantzarik bat egingo dute Dantzari Txiki Egunean.

Dantza izango da protagonista datorren asteburuan Azkoitian, diziplina horri lotutako hamaika jarduerek hartuko baitute herria ostiraletik igandera bitartean, hala nola erromeriek, dantza jauziek eta Dantzari Txiki Egunak.

Ostiralean, hilaren 3an, gazteei zuzendutako Artxamendi erromeria egingo dute, Gaztedia Sailak antolatuta. 13 eta 17 urteko nerabeak bilduko dira Elkargunean, eta afaria egingo dute 20:30ean. Ondoren, erromeria hasiko da trikitilariekin, 21:30ean. Afarira joateko, aurrez izena eman daiteke, Gazteria Zerbitzuan.

Hurrengo egunean, berriz, dantza jauziak egingo dituzte Elkargunean. Bizkargi musika eskolak eta Elkarguneak elkarlanean antolatu dute saioa, eta herritarrak 22:00etan hasiko dira dantzan. Gainera, musika zuzenean egongo da.

Asteburua borobiltzeko, 45. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute igandean. Txalkor txistulari elkarteak udalaren eta Floreaga ikastetxeko guraso elkartearen laguntzarekin antolatu du egitasmoa, eta Kandiola eta Bizkargi dantza taldeetako 200 umek parte hartuko dute han. 10:45ean, dantzariak eta musikariak elkartuko dira Julio Urkixo etorbidean, eta kalejiran joango dira Balda plazara. Han, otartekoa egingo dute 11:15ean, eta ordu erdi beranduago, Agurra eta Agintariena piezak dantzatuko dituzte plaza horretan. 12:00etan, berriz, dantza erakustaldia egingo dute bi taldeek; Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko Kandiola dantza taldeek Aita Madinabeitia plazan eskainiko dute saioa, eta Bizkargi taldeak, berriz, eliza atarian egingo du dantza. 13:00etan, berriz, guztiak elkartuko dira eliza atarian, eta elkarrekin eskainiko dute emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide