Udazkenean Azpeitian nola, udaberrian Azkoitian antolatu ohi du Garagardo Azoka Iraurgi Saskibaloiak, eta iazko etenaren ondoren, ate joka dator aurtengoa. Hain zuzen ere, ostiralean, maiatzak 3, irekiko ditu ateak Azkoitiko VII. Garagardo Azokak, herriko plazan. Maiatzeko lehen bi asteburuetan egingo dute aurtengo azoka. Guztira, lau egun izango dira: maiatzaren 3a, 4a, 10a eta 11. Egunero 20:00etatik 02:00ak arte irekiko dituzte azokako atea.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurreko urteetakoei gehituko zaizkien garagardo berriak (Guinness Nipa, Guinness Hope House eta 18/70 Rubia), bertako janariak (Lumagorri eta Basatxerri etxeen eskutik) eta maiatzaren 10eko mus txapelketa azkarra izango dira aurtengo berrikuntzak. Azken horri dagokionez, bikoteko 40 eurotan ezarri dute izen ematea, eta honako sariak banatuko dituzte: 1.000 euro eta txapelak irabazleentzat, 500 euro bigarren sailkatzen direnentzat, 250 euro hirugarrenentzat, eta bi lagunentzako afaria laugarren postuan gelditzen direnentzat. 22:00etan hasiko da mus txapelketa, eta 20:30etik 21:30era izango da izena emateko aukera.
Garagardoen eta jakien dastaketa girotzeko musikarik ere ez da faltako. Horrela, 1980k0 hamarkadako musika nagusi izango da maiatzaren 3an, DJ Elortxak jarriko du musika hilaren 4an, eta DJ Kanutok, berriz, hilaren 11n; 10ean, mus txapelketaren egunean, ez da musikarik izango.