Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta hango guraso elkarteak XXX. Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu dituzte, eta datorren larunbatean, hilaren 4an, izango da lehen ekitaldia. Potx eta Lotx pailazoek irekiko dute aurtengo edizioa, eta gaztetxoei zuzendutako ikuskizuna eskainiko dute haiek, 17:00etan hasita, ikastetxeko frontoian. Sarrera doakoa izango da, eta antolatzaileek ume guztiak gonbidatu ditu bertara.
Bertsolaritzak ere bere tartea izango du jardunaldietan. Izan ere, maiatzaren 17an, ostiralez, bertso saioa egingo dute On Bosco aretoan, 22:00etan. Maxixatzen Euskaldunon Elkartearekin elkarlanean antolatu dute saioa, eta Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran bertsolariak igoko dira hango oholtzara. Antolatzaileek doan jarri dute harako sarrera, baina herritarrek aurrez eskuratu beharko dituzte, aretoaren edukiera dela eta. Dagoeneko jaso daitezke sarrerak Maxixatzenen bulegoan edo Floreaga ikastetxeko idazkaritzan.
Hilaren 24an, ostiralean, amaituko dituzte XXX. Euskal Kultur Jardunaldiak. Iaz bezala, kantu jirarekin amaituko dute egitasmoa, eta 19:00etatik aurrera, herritarrak kalez kale ibiliko dira abesten.