Azkoitiko Udalak eta Umore Ona elkarteak antolatuta, umeen danborrada egin dute gaur, larunbata, arratsaldean herriko kaleetan zehar. Sei konpainietan banatuta, 270 haurrek parte hartu dute danborradan, eta horiekin izan dira gastadoreak eta sukaldari txikiak ere. Azkenean, eguraldiak ateri eutsi dio desfileak iraun duen bitartean, eta herritar ugari bertaratu da hura ikustera; giro ona izan da nagusi saioan zehar.
Eguraldiaren iragarpenen ondorioz, ohi baino ibilbide motzagoa egitea erabaki dute antolatzaileak 16:00etan. Aurreikusita bezala, 17:30ean hasi da Balda plazatik danborrada, eta zuzenean hiru pieza jo dituzte han. Santa Klarako bidea hartu dute handik, eta Plaza Berria zeharkatu ondoren iritsi dire herriko plazara. Ohi bezala, zazpi pieza jo dituzte han, eta Gurea pilotalekuan amaitu dute egitasmoa. Aurten, Umore Ona elkartetik ez dira igaro danbor jotzaileak, eta frontoian jan dute ogitartekoa.
Ikusi danborradako argazki guztiak, hemen:
[flickr_set id="72157680109198508"]