Azken asteetan buru-belarri prestatzen ibili ostean, Azkoitiko umeak prest dira bihar danborradan ateratzeko. Umore Ona elkarteak udalaren laguntzarekin antolatu du herrian tradizio bihurtu den Pazko Asteko egitasmoa, eta aurten, 5 eta 12 urte bitarteko 270 haurrek astinduko dituzte atabalak Azkoitiko kaleetan zehar.
Sei konpainiek parte hartuko dute danborradan, eta horiekin batera izango dira gastadoreak eta sukaldari txikiak. Antolatzaileen arabera, berrikuntza eta aldaketarik gabe egingo dute biharko egitasmoa: ohi bezala, 17:30ean hasiko da Balda plazatik, baina danborradan parte hartuko duten umeek ordu erdi lehenagorako hara bertaratu beharko dute. Balda plazatik Errebalera joango dira aurrena, eta Consum saltokiaren aurretik hasierako plazara itzuliko dira berriz. Han, hiru pieza joko dituzte, eta Plaza Berria zeharkatuz, plazarako bidea hartuko dute. Hara iritsitakoan, zazpi pieza eskainiko dituzte, eta ondoren Umore Ona elkartera joango dira. Han ogitartekoa jan eta Umore Ona abestia joko dute, Gurea pilotalekuan amaituko dute desfilea.
Ohikoa izaten den moduan, aurten ere biharko eguraldiaren menpe daude antolatzaileak, eta bihar eguraldi txarra eginez gero, igandera atzeratuko dute danborrada. Egitasmoa atzeratzea erabakitzen badute, antolatzaileek bihar 16:00etan emango dute horren berri bozgorailuetatik.
Danborrada igarotakoan, parte hartzaileek astebete izango dute arropak itzultzeko, antolatzaileek adierazi dutenez. Udaletxeko eskaileren ondoan hainbat kaxa jarriko dute antolatzaileek, eta herritarrek han utzi beharko dute arropa, zorroan sartuta eta umearen izen-abizenak zehaztuz.