Alokairua ordaintzeko dirulaguntzak eska ditzakete gazteek Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 26a

Azkoitiko Udalak 65.000 euro bideratuko ditu 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzera, eta gazteek ekainaren 13ra bitartean egin ditzakete eskaerak.

Azkoitiko Udalak aurten ere 65.000 euro bideratuko ditu gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzeko laguntzetara, eta erakundeak dagoeneko zabaldu du 2019ko deialdia. Ohi bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza horiek, eta ekainaren 13a izango dute horretarako azken eguna.

Laguntzak jaso ahal izateko hainbat baldintza bete behar dute gazteek; besteak beste, ezinbestekoa izango dute etxea errentan hartuta edukitzea edo alokairu kontratua indarrean izatea datorren uztailaren 13rako. Udalak emango duen laguntza gutxienez hamabi hilabetetako alokairua ordaintzeko izango da.

Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahalko dira onuradun, baldin eta alokairu kontratua denek sinatzen badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentea dela ulertuko da, eta kontratuaren sinatzaileen artean proportzionalki banatuko da laguntza. Iaz, 27 eskaera aurkeztu ziren, eta 26 onartu zituen udalak, besteek ez zituztelako baldintzak betetzen.

Udalak, bestalde, gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak ere eskaintzen dituela gaztek alokairua ordaintzeko dirulaguntzak, Gaztelagun programaren bidez. Dena den, laguntza horiek lortzeko baldintzak desberdinak direla adierazi du udalak, eta gaineratu du herritarrek udaletxean edota Azkoitian Lantzenen jaso dezaketela horren inguruko informazio osoa.

Udalaren dirulaguntzen inguruko informazio gehiago, berriz, lotura honetan aurki daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide