Anaitasunako emakumezkoen talde nagusiak Euskal Ligan egindako lana txalotzeko, 'Argazkia gorrixekin' egingo dute igandean

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 25a

Datorren igandean, hilaren 28an, Anaitasuna Euskal Ligako emakumezkoek etxean jokatuko duten denboraldiko azken partida izango dute, 17:00etan. Anaitasunako emakumezkoen talde nagusiak aurten egin duen lana txalotzeko eta datorren denboraldian ere liga horretan jarraituko dutela ospatzeko, futbol klubak Argazkia gorrixekin egitasmoa prestatu du egun horretarako klubak. Hori hala izanik, Txerloiara bertaratzen direnek taldeko jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute neurketa hasi baino lehen, eta 3 eta 12 urte bitarteko umeek hainbat opari ere jasoko dute haien eskutik. Argazkira atera nahi dutenek 16:40rako Txerloiko sarrerara hurbildu beharko dute.

Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak sailkapeneko hirugarren postuan den Leioako Emakumeak taldea hartuko du igandean Txerloian. Taldeak amaitzear duen denboraldiaren errepasoa egin du Anaitasunak, eta klubak adierazi du Euskal Ligari neurria hartzea hasieran kosta egin zitzaola taldeari. Izan ere, lehen itzulian bederatzi partida galdu zituen Azkoitiko taldeak, baina bigarren itzuli "ona" egin dute, besteak beste, hamahiru partidetatik zazpi irabazi dituztelako. Uneotan, sailkapeneko 10. postuan dira azkoitiarrak. 28 urteren ondoren, iaz lortu zuen taldeak Euskal Ligara igotzea, Eibar mendean hartu eta gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide