Ekitaldiz beteta datoz Azkoitiko Floreaga auzoko festak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 23a

Ostiraletik hurrengo asteazkenera bitartean ospatuko dituzte jaiak Azkoitiko auzoan, eta txapelketek, bazkariek eta afariek zein umeentzako ekitaldiek ez dute hutsik egingo.

Apiril bukaerarekin batera iritsiko dira beste urte batez festak Azkoitiko Floreaga auzora. Auzoko festa batzordeak bost eguneko jaiak antolatu ditu aurten ere, eta egitarau oparoa prestatu dute ostiraletik hurrengo asteazkenera bitartean. Ostiral iluntzean, suziriarekin hasiko dituzte auzoko festak Floreagan, eta ospakizunek ez dute etenik izango hurrengo bost egunetan. Izan ere, ohi bezala, musikak, txapelketek, jan-edan saioek eta umeentzako ekitaldiek hartuko dute tarterik handiena.

Antolatzaileek askotariko txapelketak prestatu dituzte festetarako, hala nola mus, bolo eta eskoba txapelketak. Ostiralean, mus txapelketa egingo dute Floreagako tabernan, eta honako sari hauek banatuko dituzte parte hartzaileen artean: bikote irabazleak txapela eta 150 euro jasoko ditu; bigarren postuan geratzen denak garaikurra eta 100 euro eskuratuko ditu; eta hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen direnek bina txanpain botila eta 80 eta 60 euro, hurrenez hurren. Hurrengo egunean, berriz, bolo txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute umeek zein helduek auzoko bolatokian, eta arratsaldean eskoba txapelketa hasiko da hango tabernan. Horrez gain, festei amaiera emateko hain ezaguna den Gurutzetxoko XXXVII. Krossa jokatuko dute asteazken goizean. Beste behin ere ehunka ume aterako dira auzoan korrika egitera, eta parte hartzaileek goizean bertan eman beharko dute izena tabernan, 09:30etik 10:45era bitartean.

Jan-edan saioek ere ez dute hutsik egingo Floregako festetan, izan ere, hiru otordu prestatuko dituzte datozen egunetarako: zapatuan, afaria eta erromeria egingo dituzte Izer eta Alabierrekin tabernan, eta hara bertaratzen direnek arkumea jango dute, 25 eurotan; bestalde, hilaren 30ean, asteartez, bertso afaria egingo dute tabernan bertan, eta saioan parte hartuko dute Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolariek eta Lutxurdio eta Olarte trikitilariek; azkenik, maiatzaren 1ean, asteazkenean, bazkaria egingo dute, eta tabernara joaten direnek paella eta oilaskoa izango dute dastagai. Orduan ere Laja eta Alabier trikitilariek girotuko dute saioa. Bazkari zein afarietara joateko aurrez izena eman behar da, tabernako 943-08 38 54 telefonora deituta.

Apirilak 26, ostirala

-19:00etan, txupinazoa.

- 22:00etan, mus txapelketa Floreagako tabernan. Izen-ematea 20 euro bikoteko. 

-22:00etan, txosna irekiko dute. Gazte gaua egingo dute 80 eta 90eko hamarkadetako musikarekin eta Kanuto disko-jartzailearekin.

Apirilak 27, zapatua:

- 11:30ean, bolo txapelketa 15 urtetik beherakoentzat.

- 12:30ean, bolo txapelketa, helduentzat.

- 17:00etan, eskoba txapelketa Floreagako tabernan. Izen-ematea 15 euro bikoteko. 

- 21:00etan, afaria eta erromeria Izer eta Alabierrekin, Floreagako tabernan.

- 22:00etan, Gazte gaua txosnan.

Apirilak 28, igandea:

- 09:30etan, auzoko hildakoen aldeko meza Floreagako elizan.

- 11:00etan, VI. Patata Tortilla Lehiaketa.

- 12:00etan, trikipoteoa.

- 15:00etan, puzgarriak. Ondoren, apar festa.

- 18:00etan, buruhandiak.

Apirilak 30, asteartea:

- 21:00etan, bertso afaria Floreagako tabernan, 25 euroan. Bertsolariak: Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze. Lutxurdio eta Olarte trikitilariek girotuko dute saioa.

- 22:00ean, Gazte gaua txosnan.

Maiatzak 1, asteazkena:

- 11:00etan, Gurutzetxoko XXXVII. Krossa. Izen ematea 09:30etik 10:45era, Floreagako tabernan.

- 14:00etan, bazkaria Floreagako tabernan, paella eta oilaskoa. Laja eta Alabier trikitilariek girotuko dute bazkaria. 

- 17:00etan, Zelailuzeko zezenak eta pottokak.

- 18:00etan, buruhandiak auzoko kaleetan zehar.

- 20:00etan, festen amaierako txupinazoa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide