Azkoitiko Urrategi auzoan, Olasoko bidegurutzearen inguruan, auto baten barruan gizonezko bat hilik aurkitu dute gaur goizean. Segurtasun Sailak, hasiera batean, trafiko istriputzat jo du ezbeharra, eta hark zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoa zihoan ibilgailua iraulita zegoen; ordea, gertaeraren bertsio horren inguruko hainbat datu gezurtatu diote hildakoaren senideek UROLA KOSTAKO HITZAri. Haiek argitu dute bihotzeko baten ondorioz hil dela gizonezkoa, eta gezurtatu egin dute autoa iraulita geratu izana.
Ertzaintzaren arabera, 08:30ak aldean herritar batek Ertzaintzara deitu du, jakinaraziz Urrategi auzoko errepidetako batean pertsona bat autoaren barruan konorterik gabe zegoela. Suhiltzaileak, anbulantzia eta ertzainak bertaratu dira ezbeharraren lekura, eta osasun-langileek baieztatu dute autoaren barruko pertsona hilik zegoela.