Azkoitiko EH Bilduk Aberri Egunarekin bat egiteko deia egin die herritarrei

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 21a

Aberri Eguna da gaur, eta horren harira, agerraldia egin du Azkoitiko EH Bilduk. Hainbat hausnarketa plazaratu du Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaiak, eta bide batez, Donibane Garazin eta Iruñean egingo diren ospakizunetara bertaratzeko deia egin dio euskal jendarteari.

Azkoitiko EH Bilduren ordezkariak gaur Ikurrinaren Plazan egindako agerraldian. (Ihintza Elustondo)

Gaur, apirilak 21, Aberri Eguna da, eta horren harira, agerraldia egin du goizean Azkoitiko EH Bilduk. Datozen udal hauteskundeetan hautagai izango diren hainbat ordezkari bertaratu da ekitaldira, eta Ainara Goenaga alkategaiak hainbat hausnarketa egin du. Besteak beste, Aberri Egunaren ospakizuna "eguneratu eta zabaldu" behar dela nabarmendu du, eta koalizioarentzat "gure herria" zazpi lurraldez osatutako Euskal Herria dela gogoratu du. Honako idatzi hau irakurri du Goenagak:

"Aberri Egunaren ospakizuna dela eta, EH Baik eta EH Bilduk, mobilizazioetarako deia egiteaz gain, gure aberkide guztiekin hainbat gogoeta eta hausnarketa elkarbanatu nahi ditugu.

Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu gure irudiko Aberri Egunaren ospakizuna herritar guztiona dela. Zentzu horretan, azken urteotan ez dugu deialdi propiorik egin eta ospakizun anitz eta bateratuak egiteko saiakerak babestu ditugu. Hala nola Independentistak Sareak deituriko mobilizazioak. Tamalez, orain arte ez da lortu alderdi guztiak ez ezik herritar gehienak biltzea horrelako ospakizun batean.

Aurrera begira gure disposizioa eta konpromisoa berdina izango da. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan dadin. Hartara, uste osoa dugu Aberri Egunaren moldea eta ezaugarritzea berritu beharra dagoela, gaurkotu, zabaldu eta biziberritu beharra dagoela, herri gisako ospakizuna bilakatu nahi badugu.

Bigarrenik, berretsi nahi dugu EH Bai eta EH Bildurentzat gure herriaz hitz egitea Euskal Herriko lurralde osoari buruz hitz egitea dela: Araba, Bizkaia, Baxe-Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako lurralde historikoak.

Hirugarrenik, Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugunon eguna dela adierazi nahi dugu. Gure aberria da, gu guztiona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, bizitzaren irakaspenen ondorioz besarkatu dugun guztiona; hemendik hasi eta mundua eraldatu nahi dugulako Euskal Herria libre nahi dugun guztiona; bai eta oraindik gure herrian bizi arren Euskal Herria maitatzen hasi ez diren herritar guztiena.

Gure Aberria anitza da. Euskal Herria anitza da. Lurraldetasunaren ikuspuntutik anitza da, bere paisaiak bezalaxe. Hizkuntzaren aldetik ere anitza da. Euskara dugu gure enborra, herria egiten gaituena. Baina okzitaniera, frantsesa eta gaztelera ere aspaldidanik gure hizkuntzak ditugu. Jatorriari dagokionez ere anitzak gara, gero eta gehiago. Kulturalki zer esanik ez. Norbanako guzti horien aniztasunaz zizelkatua da gure herria. Aniztasun horretaz eginak gara eta izango gara. Zorionez, izan ere. Aberri Egunak ere aniztasun hori bera irudikatu eta ospatu behar duelakoan gaude.

Aberri Eguna ospakizun eguna da. Baina berpiztu eta konpromisoak hartzeko testuingururik aproposena ere bada. Lehena izan dadin anai-arreba katalanekin, galiziarrekin, kanariarrekin... erronka elektoralari heldu eta Espainiako Estatuaren inboluzio horren aurrean mobilizazio sozialarekin batera, herrigintzarekin batera, hesi instituzionala ere altxa dezagun.

Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko aniztasuna oinarri eta xede izanda, nazio estrategi baten baitan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berresten dugu. Hortaz deialdi bateratu bat egiten diogu euskal jendarteari Donibane Garazin eta Iruñean gure bi alderdiek deitzen duten 2019ko Aberri Egunera etortzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide