Gauza jakina da xakeak ez duela beste kirol batzuek adinako indarrik gizartean, baina Azkoitian bada urte askoan lanean ari den klub bat, aitortza jasotzeko nahikoa motibo dituena: Anaitasuna xake taldea. Izan ere, ospakizunetarako hiru arrazoi ditu taldeak: lehenengo mailako Kutxa Liga irabazi du, Preferente mailara igo da eta 40 urte bete ditu.
Arrazoi horiek tarteko, klubeko hiru ordezkari elkartu ditu UROLA KOSTAKO HITZAk: Jose Luis Fernandez Anaitasunako lehendakaria (Azkoitia, 1969), Anibal Fernandez klubeko idazkaria (Azkoitia, 1987) eta Gaizka Alberdi taldeko jokalaria (Azkoitia, 1992). Hiruren bideak pasio berak elkartu ditu: xakearekiko duten afizioak.
Anaitasuna xake taldeak Azkoitiko Kultur Etxean du egoitza, hirugarren solairuan, eta haur batzuk nola jokatu behar duten ikasten ari diren bitartean, klubaren gainean hitz egin du hirukoteak. Batetik, gaztetxoak trebatzen ditu klubak, eta bestetik, bi talde ditu, kategoria ezberdinetan: bata Hirugarren mailan, eta bestea, Preferente mailan.
Klubeko ordezkariak pozik daude aurtengo sasoian Preferentera igotzea lortu duelako talde nagusiak. Dena den, haien arabera, "beraien maila" errekuperatu dute. "Iaz jaitsi ginen mailaz, puntu erdi bateko aldeagatik, eta orain sentitzen dugu gure maila berreskuratu dugula", azaldu dute. Gipuzkoako mailarik altuena da Preferente maila, eta datorren sasoian, maila horretan lehiatuko da berriro Anaitasunako talde nagusia. Probintzia bakoitzeko irabazlea beste maila batera igo ohi da gero, Euskal Ligara, baina datorren denboraldian hara iristea "oso zaila" ikusten dute ordezkariek, nahiz eta noizbait lortu izan duen Anaitasunak. Beraz, ahalik eta denboraldi onena egiten saiatuko dira, eta hortik aurrera, ikusiko da zer gertatzen den.
Bizitzarako prestatzen
Talde txikia da Azkoitikoa; guztira, 25 bat jokalari izango dira Anaitasunan. Haietako batzuk federatuak dira, eta beste batzuk, ez. Badira inguruetan xake klub handiagoak eta lehiakortasun handiagoa sustatzen dutenak, baina klubeko lehendakariak argi du zein den beraien filosofia: "Klubaren asmoa da denek parte hartzea, denek jokatzea, eta giro ona izatea taldean. Gazteen artean xakea sustatzen jarraitu nahi dugu, eta guretzat, emaitza baino garrantzitsuagoa da hori".
Jokalari bakoitzak bere partidak jokatzen dituen arren, talde lanean oinarritutako kirola da xakea, eta hori garrantzitsua dela uste du hirukoteak. "Jardunaldi bakoitzean lau partida jokatu ohi ditu talde bakoitzak beste talde baten aurka, eta partida bakoitzaren emaitzaren arabera, puntuak batzen dira. Talde lanean ondo moldatzea ezinbestekoa da, beraz", azaldu du Anibal Fernandezek. Horrez gain, uste dute xakeak beste hainbat balio ikasteko ere balio duela: "Kontzentrazioa eta errespetua lantzen dituzu, eta erabakiak hartzen ikasten duzu". Ados daude hirurak horretan.
Gaztetxoak xakean jokatzen Anaitasunaren egoitzan. (I.E.)Ondoren xakean jokatzen ari diren gaztetxoei begira, xakeak, kirol soil bat izateaz harago, zer barnebiltzen duen azaldu du klubeko lehendakariak: "Nahi edo ez nahi, hainbat gauza ikasten dute gaztetxoek. Partida batean, hainbat fitxa mugitzeko aukera dute, eta aukera txarrak baztertu eta onena aukeratu behar dute. Baina beraiek ikusi behar dute aukera horietako zein den ona. Pieza pila bat dituzu, eta haien konbinazioak mugimendu ugari egiteko aukera ematen du". Haren arabera, gauza bat ikasten dute horrela haurrek: "Edozein arazoren aurrean, merezi ez duena apartatzen eta benetan merezi duenarekin gelditzen". Jose Luis Fernandezek dio, kirolean ez ezik, bizitzan ere aplikatu izan duela formula hori. "Eta ziurrenik gaztetxo hauei ere balioko die".
Zailtasuna da kirolaren beste ezaugarri nagusi bat; xakean jokatzen ari diren umeek argi diote: "Eske asko pentsatu behar da". Zailtasun horrek ematen dio, Anibal Fernandezen ustez, jokoari xarma. "Oso zaila da, eta irabazteak sekulako poza ematen dizu". Duela urte batzuk, xake partidak zenbat luzatu ohi ziren gogoratu dute, zailtasun hori zenbaterainokoa den adierazteko. "Egunak" pasatu ohi zituzten maisuek partida bat jokatzen, buruari bueltaka denbora asko ematen zutelako. Orain, dena den, hori aldatuta dago: denbora muga jarztea erabaki zuten, partidak luzeegiak izaten zirelako".
Orain, gainera, ordenagailuek eragina izan dute xakea praktikatzeko moduan. Izan ere, etxean entrena dezakete jokalariek, baita partidak jokatu ere. Ez dago, lehen bezala, ezinbestean beste pertsona batekin elkartu beharrik neurketa bat jokatzeko. "Horrek asko erraztu du dena", dio Alberdik.
Erraztasunak eta teknologiak lehen baino gehiago izanagatik, ezin esan daiteke orain jende gehiago ibiltzen denik xakean, Anaitasunako idazkariaren arabera. "Urte batzuetan gure egoitzako mahai guztiak beteta egoten ziren: haurrak armairu gainean aritzen ziren xakean jokatzen, lurrean eserita ere aritzen ziren... Uste dut berriz ez dudala ikusiko horrelakorik; izan ere, gaur egungo umeek hainbeste gauza dituzte egiteko... Ni umea nintzenean, denbora pasatzen nuen atearen aurrean zain, arduradunak atea noiz irekiko. Irekitzen zuenean denok ero moduan sartzen ginen barrura, bestela mahairik gabe gelditzen baikinen. 85-86 urteetan, ez zegoen mugikorrik, ez ordenagailurik...".
Ordutik erabat aldatu da egoera, baina badira oraindik ere xakean jokatzeko eta trebatzeko gogoa duten gaztetxoak eta helduagoak Azkoitian. 40 urte beteta, xakearen balioak sustatzen jarraitu nahi dute Anaitasunakoek, ahal den neurrian, merezi duten piezak mugitzen, xakeak xumetasunean bada ere, Azkoitian bizirik iraun dezan.