Bihar zabalduko dute Azkoitiko Altzibar eta Jausoro auzoak lotuko dituen zubia

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 16a

Martxoaren amaieran jarri zuten bi auzoen arteko zubia bere lekuan, eta bihar, asteazkena, zabalduko dute. Oinezkoentzako zein txirrindularientzako pasabidea izango da.

Jausoro eta Altzibar arteko zubia, bere lekuan jartzen. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Altzibar eta Jausoro auzoak lotuko dituen zubia prest dago dagoeneko. Martxoaren amaieran jarri zuten zubia bere lekuan, eta orduan zehaztu zuten apirilaren bigarren hamabostaldirako dena prest egotea aurreikusten zutela. Badu data zubiaren irekierak: hain zuzen ere, bihar, asteazkena, zabalduko dute.

Douglas pinuaren egurrarekin egin zuten zubia, Belgikan. Pasabideak hamasei tona eta erdi pisatzen ditu, eta konboi berezi batean garraiatu zuten Pasaiako portutik (Gipuzkoa) Azkoitira.

Altzibar plaza kalearen ondoan egingo dute zubia, eta Elusokorta saltokiaren ondoko kalearen paretik Jausoro auzoan dagoen Txuri Urdin elkartearen pareraino iritsiko da. Oinezkoentzako zein txirrindularientzako pasabidea izango da, eta bakoitzarentzako bina errail egokituko dituzte. Era berean, bidegorri sarea osatzeko balioko du zubiak. Izan ere, azpiegitura horrek txirrindularien bi ibilbide nagusi lotuko ditu: Anaitasuna plaza kalekoa eta Jausoro auzoa zeharkatzen dituena.

Azken urteetan atzeratzen joan den proiektua da bi auzoak lotzeko zubiarena, baina azkenean, amaitu dituzte lanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide