Azkoitiko Gazte Geroa taldeak antolatuta, Xabier Madariaga kazetariak hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, arratsaldean, Elkargunean. Herritarrez goraino bete zen hango aretoa, eta kazetariak bere ibilbide profesionala izan zuen hizpide saioan. Madariaga EiTBren korrespontsala izan zen hainbat urtetan Jerusalemen edota Parisen, eta azken urteetan ETB1eko Ur Handitan saioa aurkezten du. Kazetaritzan izan dituen bizipenak kontatu zizkien han bildutako dozenaka lagunei.
Gazte Geroak antolatutako bigarren hitzaldia izan zen atzokoa. Komunikabideetan esparruan lan egiten duten edota harekin lotura duten lagunak ari dira parte hartzen zikloan, eta Iñaki Goionagak eskaini zuen lehenengoa, , hilaren 14an.
Azkoitiko Gazte Geroa taldeak beste bi hitzaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Komunikabideen esparruan lan egiten duten edo harekin lotura duten lagunek eskainiko dituzte hurrengo solasaldiak ere. Hirugarren solasaldia Xabier Euzkitze kultur eragile eta aholkulariak emango du maiatzaren 2an (osteguna), Euskal kulturaren eguna eta etorkizuna izenburupean. Elkargunean izango da solasaldia, 18:30ean. Laugarren eta azken hitzaldia, berriz, Leire Arrieta Deustuko Unibertsitateko historia irakaslearena izango da. Hain zuzen ere, Euskadi Irratiaren sorrera eta ibilbidea izenburupean eskainiko du hitzaldia Arrietak. Maiatzaren 13an, ostegunez, 18:30ean izango da solasaldia, Elkargunean.