David Alberdi, Mitologik ihes gelaren sortzailea

"Mundu magiko batera bidaiatzea da 'escape room' batera sartzea"

Anartz Izagirre 2019ko api. 12a, 11:45

Aurreko urtean ireki zuen azkoitiarrak Mitologik 'escape room'-a, Donostian. Bi areto dituzte, eta hirugarrengoa irekiko dute laster. Euskal mitologian girotutako esperientzia eskaintzen dute.

David Alberdi. (D.A.)

Gipuzkoan ireki zen lehen escape rooma egin zuen David Alberdik (Azkoitia, 1973), eta hor piztu zitzaion ideia. Mitologik euskal mitologiako pertsonaiak dituen gelan bera da gamemaster-a, partaideei aretotik ateratzen laguntzen diena. Euskal kondaira eta elezaharrak oinarri, hamaika trikimailu eta buruhauste diseinatu dituzte Alberdik eta bere taldeak, ordubete azpitik aretotik irteteko parte hartzaileak buruari eragin diezaion.

Azken urteotan gero eta ezagunagoak dira gure inguruan escape room deiturikoak. Non dago arrakastaren gakoa?

Joko batek logika, abilezia eta talde lana eskatzen ditu, eta publiko guztientzat da; hor dago arrakastaren gakoa. Parte hartzaileek 60 minututan gelatik irten behar dute, jartzen zaizkien erronkak gaindituta. Azkenean, azterketa bat gainditzea bezala da. Gaur egun, escape room asko oso ondo eginda daude eta parte hartzaileei paperean sartzen laguntzen diete, jokoan erabat murgiltzen baitira. Hasierako escape roomak oso sinpleak ziren, orain, berriz, jokoaren murgiltzea ez ezik, dekorazioa ere garrantzia hartzen ari da. Gai aldetik, gustu ezberdinak daude. Gurea, adibidez, euskal mitologiari buruzkoa da, didaktikoagoa, informazio puntuak eta guzti ditu.

Lehenengo joko aretoa noiz ireki zenuten?

2018ko otsailean; orain gutxi egin du urtebete. Oso zaila zen logistikoki hirurak batera zabaltzea, eta faseka irekitzea erabaki genuen. Soltura apur bat dugu orain, eta hirugarrena irekitzea errazagoa izango da.

Hiru ibilbide eskaintzen ditu Mitologikek: Eguzkilorearen bila, Lamien mundu magikoa eta Mari jainkosaren boterea. Zer eskaintzen du bakoitzak?

Lehen ibilbidea Eguzkilorearen bila izan zen. Eguzkilorea bilatu eta museo galdura eraman behar du parte hartzaileak. Ondoren, bigarrena zabaldu genuen, Lamien mundu magikoa. Hirugarrena, Mari jainkosaren boterea, maiatzean irekitzea dugu aurreikusita. Azken hori ezberdina izango da, gutxienez lau jokalari eta gehienez hamar egon ahalko dira.

Nolatan okurritu zitzaizuen euskal mitologiari buruzko escape room bat egitea?
Nire lankideak ireki zuen Gipuzkoako lehen escape rooma, Donostian. Gela hura izan zen probatu nuen lehena, eta oso gustura irten nintzen bertatik. Bazkidearekin hitz egin nuen eta beste bat irekitzeko asmoa zuela komentatu zidan. Zein gai aukeratu pentsatzen ari ginela, Fitur-era joan ginen, eta han konturatu ginen euskal mitologia eta pertsonaia mitologikoak oso modan daudela. Hortik sortu zitzaigun Mitologik sortzeko ideia.

Oso balorazio onak dituzue sarean. Jendea gustura irteten al da? Zer inpresio duzue?

Jendea oso gustura irten ohi da. Jokoa hasteko txirrina entzuten den unetik, sorpresa handi bat da gure ihes gela. Mundu magiko batera bidaiatzea da escape room batera sartzea. Joko aldetik ere, gure gelak oso desberdinak direla iruditzen zaigu. Bestetik, ez dira kanpotik ekarritako jokoak. Badira Txinatik jokoak erosten dituzten escape roomak ere, eta ondoren, muntatu eta listo. Gurea ez, geuk sortutakoa da.

Horren harira, ez da erraza izango horrenbeste escape room egonda berritzailea izatea, ezta?
Ez, ez da erraza. Urte batetik bestera escape roomek sekulako gorakada izan dute. Oso profesional onak daude eta dena hobera doa. Dena den, konfiantza dugu gugan eta ziur gaude hirugarren gela jendeari asko gustatuko zaiola. Madriletik eta Bartzelonatik etorri izan dira gu baino denbora gehiago daramaten gamemaster-ak, eta oso gustura irten dira gure aretoetatik.

Horrelako gela bat sortzeak kostu handia du. Zenbatean behin berritzen duzue?

Lauzpabost urte pasatu ondoren, aldatu egin behar dira escape roomeko jokoak. Gure aretoen muntaia aldatzeko denbora beharko dugu. Urte hauetan nik ikusi dudana da, gelak aldatu beharrean, berri batzuk irekitzen direla, zaharrak berritzen hasi beharrean. Gai berriak, joko berriak... Normalean, zaharra dena mantendu egiten da, joko batzuk aldatuta.

Pasahitzak, puzzleak, giltzarrapoak eta abar egon ohi dira.

Lehen giltzarrapo asko egon ohi ziren, bai. Guk ere sartzen ditugu batzuk, baina gero eta gutxiago erabiltzen ditugu. Beste elementu batzuk sartu ditugu horien ordez: imanak, tramankulu elektronikoak, botoiak... Lehen, dena egon ohi zen giltzarrapoz beteta, orain, buruari eragiteko joko gehiago daude. Hala ere, mantentzen dugu hasierako ihes gelek zuten esentzia hura.

Ordubete du parte hartzaileak gelatik irteteko, baina jende asko barruan gelditzen da, eta ez du helburua lortzen. Zer da irteteko garrantzitsuena?

Askorentzat lehen aldia izan ohi da. Gelan sartzean garrantzitsuena guztia aztertzea da, elementu guztiei begiratzea eta gainontzekoei zer ikusi duzun azaltzea. Komunikazioa eta talde lana ere oso inportanteak dira. Jende askok gaizki egiten duena elementuetan ez aurrera ez atzera gelditzea da. Gamemaster garenok askotan esaten diegu erabiltzaileei ondo aztertzeko gela, logika erabilita zerbait topatuko dutela. Hala ere, gehienak elementu baten atzetik joaten dira beti.

Zein da parte hartzaileen profila?

Aztertzekoa da, egia esan. Gurera datozenetatik %70 neskak dira. Guk escape room askotako arduradunekin hitz egin dugu, eta guztiek berdina esaten digute. Neskek lan pila bat egiten dute, kuadrillan nahiz familian. Mutilak ere gustura aritzen dira, baina nesken presentzia nabarmena da, oso. Horrez gain, etortzen diren gehienak kuadrillak badira ere, enpresak gero eta gehiago animatzen dira. Bestalde, gure escape roomak badu familiak erakartzeko gaitasuna ere. 12-17 urte bitarteko gazteentzat diseinatutako maila bat ere badugu. Hala ere, gaztetxoek guraso edo helduekin ere joka dezakete beste mailetan, eta askotan sorpresak egoten dira.

Enpresek horrelako lekuak erabiltzen dituzte lantaldeak nola funtzionatzen duen ikusteko. Egokitu zaizue halakorik?

Bai. Gero eta gehiago erabiltzen dute enpresek formula hau. Zuzendariak saiatzen dira lankideetatik liderra zein den ikusten. Guk, normalean, ez dugu horrelakorik onartzen, ez diegu taldeak grabatzen uzten. Dena den, batzuetan hamar minutu eskatzen dizkigute beraien lankideak ikusteko, eta utzi egiten diegu. Ez gara psikologoak, baina horrenbeste talde ikusi eta gero antzematen dugu nor den taldeko liderra, eta taldekide bakoitzaren jarrera nolakoa den asko nabarmentzen da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide