Bihar goizean iritsiko da 21. Korrika Azkoitira –08:30 aldera, hain zuzen ere–, baina azkoitiarrak, bereziki ikasleak, gaur hasi dira euskararen aldeko lasterkaldiaren etorrera ospatzen. Eguraldiaren iragarpena tarteko, goizean jakinarazi dute arratsaldean egitekoa zuten Korrika Txikia bertan behera uztea erabaki dutela, baina horren ondoren iragarrita zegoen festak aurrera egingo zuela, plazan.
Horrela, 17:00etan hasi dira elkartzen ikasleak, gurasoak eta beste hainbat herritar, Korrikaren bezperako festaz gozatzeko. Hasteko, txokolate beroa eta bizkotxoak dastatzeko aukera izan dute gaztetxoek Kontzejupean; guztira, 50 litro txokolate prest zituzten antolatzaileek.
Ondoren, Korrikaren mezua irakurri dute bi ikaslek plazan jarritako oholtzatik, eta jarraian beste hainbat neska-mutil igaro dira oholtza beretik: Erniarraitzen bertso eskolakoek bertso bana bota dute, Korrikaren koreografia lehiaketaren irabazleek saritutako dantza eskaini dute, eta kantura zein dantzara animatu dira dozenaka ikasle, taldeka eta txandaka, plazan elkartutakoen txalo artean.
Hona hemen, arratsaldeko festaren irudi bilduma: