Azkoitiko Udalak hasi ditu Gaztanenea eraikinaren ondoan eraikiko duen parke estaliaren obrak. Eremu horretatako lurzorua egokitzen hasi dira dagoeneko langileak, hori izango baitute aurreneko eginbeharra, eta ondoren hasiko dira parkea eraikitzen. Urbabil enpresa arduratuko da lanez, eta hark lau hilabete izango ditu obrak egiteko. Dena den, lanak lehenago amaituko direla aurreikusten du udalak, horretarako datarik oraindik zehaztu ez badu ere. Proiektuaren aurrekontua 149.374 eurokoa da.
Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako, Bizilore eskola aktiboko eta Floreaga ikastetxeko ikasleek joan zen abenduan aukeratu zuten datozen hilabeteetan gauzatuko duten parke estalia. Haurrek hiru proposamenen artean aukeratu zuten egurrezko parkea; udalaren arabera, parkea "inklusiboa" izango da, hango eremu bat behar bereziak dituztenei zuzenduta egongo delako.
Udalak duela aste batzuk bukatu zituen Xabier Munibe kalean egindako obrak, eta besteak beste, bidegorria lekuz aldatu eta oinezkoek "lehentasuna" izango duten gunea egokitu zuten han. Hain zuzen ere, parke estalia lan horien "osagarri" izango dela adierazi du erakundeak.