Jokin Sudupe, arrantzalea

"Ahal dudan dena ematea eta ondo pasatzea dira nire helburuak"

Mailo Oiarzabal 2019ko apirilaren 10a

Euli-arrantzak harrapatuta, lehiaketetan dabil azkoitiarra, eta emaitza onekin. Munduko Txapelketa jokatuko du aurten. Bidean, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa irabazi ditu.

Azaroan beteko ditu 18 urte Jokin Sudupek (Azkoitia, 2001). Salmonidoen euli-arrantza praktikatzen du Azkoitiko Orion arrantza eta ehiza elkarteko kideak. Iaz modalitate horretan 18 urtez azpikoetan Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, datorren abuztuaren 10etik 13ra Munduko Txapelketan lehiatuko da azkoitiarra, Txekian.

Noiz hasi zinen arrantzan?

Betitik ibili izan naiz arrantzuan, txikitatik. Aitonak zaletasun hori zuen eta haren bidez hasi nintzen ni ere. Pixkana-pixkana joan nintzen mundu horretan sartzen. Gero, aitaren lagun bat ezagutu nuen eta hark erakutsitakoari esker joan naiz aurrera egiten.

Euli-arrantza da gaur egun praktikatzen duzuna. Nola hasi zinen modalitate hori lantzen?

11 bat urte nituenean erosi nuen euli-arrantzako lehendabiziko kanabera. Aitaren lagunak erakutsi zidan erabiltzen, eta ikasi ahala erabaki nuen buru-belarri euli-arrantzara bideratzea.

Zer dauka, bada, berezitik euli-arrantzak, zu horrela harrapatzeko? Inguru honetan ez da, beharbada, hain ezaguna.

Gipuzkoan eta Euskal Herrian jende dezente aritzen gara, baina gurean ez da hain ezaguna, ez. Ibaietako intsektuak imitatzen dituzten beitak erabiltzen ditugu arrantzarako, amuarrainen eguneroko janariaren antzekoak direnak, eta normalean geuk egiten ditugu etxean.

Nola egiten dituzue beitak?

Koloretako hariak eta lumak erabiltzen ditugu, intsektuen itxura emanez, amua estaltzeko. Lumak naturalak edo artifizialak izan daitezke.

Euli-arrantzako kanaberek pita luzea izaten dute eta hori astintzeko mugimendu zabalak egiten dituzue besoekin. Edozein erreka edo ibaitan arrantzatu ahal duzue?

Beno, erreka bazter estuetan ere moldatzen gara, ahal dugun moduan. Baina egia da, berez, ibai zabaletan egiteko modalitate aproposagoa dela.

Non ibiltzen zara arrantzan?

Batik bat bertan, herrian eta inguruetan. Urtean behin bidaia txikiren bat egiten dugu kanpora, baina normalean hemen.

Nola prestatzen dituzu txapelketak?

Txapelketak gerturatu ahala hasten naiz begiratzen non izango diren eta lehiatuko garen ibaietan zer intsektu bizi diren, nolako beitak prestatu beharko ditudan jakiteko. Beitak egitea izaten da, batik bat, txapelketen aurretik egiten dudan lana, ahal dudanero arrantzatzera irteteaz gain. Gero, ahal bada, saiatzen naiz txapelketa baino egun bat edo pare bat lehenago bertara joaten, ibaia ezagutzera.

Iaz Gipuzkoako eta Espainiako txapelketak irabazi zenituen eta bigarren egin zenuen Euskadikoan. Espero al zenituen halako emaitzak?

Ondo ibiltzea espero nuen, aurreko urteetan nahikoa emaitza onak lortua nintzelako. Baina espero, espero, ez, hain emaitza onak eta irabaztea. Aurten, berriz, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa egun berean jokatu ditugu, eta biak irabazi ditut.

Aurten Munduko Txapelketara joango zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat? Nola prestatuko duzu hitzordua?

Momentuz, ez naiz hasi horretan pentsatzen. Hango ibaien informazioa lortzen saiatuko naiz, beti bezala. Abuztuaren 3an joango naiz hara, txapelketa hasi baino astebete lehenago, eta orduan izango dut lekua bertatik bertara ezagutzeko aukera.

Esperientzia berria izango da zuretzat. Zer espero duzu? Helburu jakinik bai?

Emaitza aldetik, ez naiz esperantza handiekin joango. Munduko Txapelketara noa ondo pasatzera, eta irten beharrekoa, irtengo da. Ahal dudan dena ematea eta ondo pasatzea dira nire helburuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide