Musikazaleen gozamenerako egitarau zabalarekin datoz Azkoitiko Bebarruko Jardunek

Ane Olaizola 2019ko apirilaren 9a

Matadero Ekintzak taldeak udaberriko Bebarruko Jardunek prestatu ditu, eta azken urteetan bezala, musikak, ikus-entzunezkoek eta antzerkiak hartuko dute egitaraua. Ostiralean hasiko da egitasmoa, 'Melomaniak' zinema zikloarekin.

Musika, ikus-entzunezkoak eta antzerkia dira Azkoitiko Matadeixen kuttunen dituzten adierazpen artistikoak, eta hiru osagai horiekin prestatu du Matadero Ekintzak taldeak udaberriko Bebarruko Jardunen aurtengo menua ere. Labetik atera dute dagoeneko datozen asteetan Matadeixen izango diren ekintzen egitaraua, eta hari erreparatuta, musikazaleek zorioneko egoteko nahikoa arrazoi izango dute: izan ere, hamabi kontzertu programatu dituzte maiatzaren 11ra bitartean; hori gutxi ez, eta melomanoei zuzendutako bigarren ikus-entzunezko zikloa eskainiko dute.

Ostiralean, hilaren 12an, hasiko dira Bebarruko Jardunek Matadeixen, eta Melomaniak zinema zikloaren barruan, Atrapados por la Serpiente dokumentala emango dute orduan. Cancer Moon Bilboko taldea gogoratzen duen dokumentala zuzendu dute Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak, eta lan hori aurkeztuko dute ostiralean egingo duten emanaldian. 20:00etan hasiko da proiekzioa Matadeixen, eta segidan, Bebarruko Jardunei hasiera emateko festa egingo dute, Beirut disko-jartzailearekin. Matadero Ekintzakeko kideek azaldu dutenez, bigarren aldiz antolatu dute Melomaniak zinema zikloa, eta aurtengoan, honako musikari eta talde hauen ibilbideak oroituko dituzte: Grace Jones, John Coltrane, M.I.A, Viktor Tsoi eta Lou Topet.

Leto izan ezik, zinema zikloan emango dituzten gainontzeko lanak dokumentalak dira, eta horiek Matadeixen eskainiko dituzte, asteazkenetan. Leto fikziozko filma, berriz, Baztartxon eskainiko dute, maiatzaren 3an, ostiralez, 22:00etan. Kirill Serebrennikov errusiarrak zuzendutako filma da Leto, eta rocka, maitasuna eta laguntasuna uztartzen ditu zuzendariak Viktor Tsoi Errusiako rock izar aitzindariaren biografia lanean. Euskal ekoizpen banak hasi eta amaituko dute zinema zikloa, eta Lou Olangua zarauztar musikariari buruzko Lou: dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalak itxiko du zikloa, maiatzaren 8an. Gainera, lana ekoitzi duten Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio zarauztarrak izango dira dokumentala aurkezten. 

Musikari dagokionez, berriz, folk doinuak lantzen dituzten taldeek beteko dute aurtengo edizioko kartela. Dena den, antolatzaileek aurreratu dute ez dela folk purua izango Matadeixen entzun ahal izango dena, taldeek beste estilo batzuekin nahasten baitituzte abestiak. Gainera, taldeek elkarren artean "zerikusirik ez" dutela gaineratu dute, eta folk klasikotik hasi eta esperimentalera arteko musikaz gozatu, eta free jazza, port rocka edota elektronikoa ere entzun ahal izango da. Sudoku Killer Italiako taldeak zabalduko du Bebarruko Jardunen musika eskaintza. Caterina Palazzi kontrabaxu-jotzailea buru duen taldeak jazza, rocka eta musika esperimentala ditu ardatz, eta Walt Disneyren filmen pertsonaia gaiztoetan oinarritutako abestiak biltzen dituen azken diskoa aurkeztuko du Azkoitian. Horien ostean, honako talde hauek igoko dira Matadeiko taulara: Negro, Isasa, Paralux&Wilkinson, Kkopu, Ibonrg, Katza, Oswaldovi, Everest Magma, Sorotan Babies, Riosenti eta Lumi.

Dagoeneko bi urte dira Matadeixen Antzerki Jardunaldiak ez dituztela egiten. "Oso talde txikia gara, eta ez ginen egitasmo guztiak behar bezala antolatzera iristen", azaldu dute kideek. Antzerkiak Matadeixen bere lekua izaten jarrai dezan, hainbat saio txertatu ohi dute azken urteetako Bebarruko Jardunetan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo antzezlanek. Hori hala, La que tu me haces konpainiak ekoitzitako Exit: de la emergencia antzezlana taularatuko dute apirilaren 28an. Honako sinopsi hau du obrak: "Adineko bi lagun leku lauso batean bizi dira: beharbada, adinekoen egoitza batean, edo bost izarreko hotel batean, edo saltegi handi batzuetako altzari artean... Egunak berdin-berdin errepikatzen dira beraien errutinan: gosaria, bazkaria, argiak piztu, argiak itzali... Hor, denbora begizta amaiezina da, gelatina batean palastaka ibiliko balira bezala... Hor, bakartasuna dute paisaia bakar beren bat egite eta bereizteentzat".

Ikusi hemen Bebarruko Jardunen egitaraua:

  • Apirilak 12, ostirala: Atrapados por la serpiente dokumentala, 20:00etan, Matadeixen. Ondoren, luntxa eta festa, DJ Beirutekin.
  • Apirilak 16, asteartea: Sudoku Killer taldearen kontzertua, 21:30ean, Matadeixen.
  • Apirilak 17 asteazkena: Grace Jones: Bloodlight and bami dokumentala, 21:30ean, Matadeixen.
  • Apirilak 24, asteazkena: Chasing Trane: The John Coltrane Documentari dokumentala, 21:30ean, Matadeixen.
  • Apirilak 26, ostirala: Negro eta Isasa taldeen kontzertuak, 22:30ean, Matadeixen.
  • Apirilak 28, igandea: Exit: la emergencia antzezlana, 19:00etan, Matadeixen.
  • Apirilak 30, asteartea: Paralux&Wilkinson, Kkopu, Ibonrg eta Katza taldeen kontzertuak, 22:30ean, Matadeixen.
  • Maiatzak 1, asteazkena: Matangi, Maya, M.I.A dokumentala, 21:30ean, Matadeixen.
  • Maiatzak 3, ostirala: Leto filma, 22:00etan, Baztartxo antzokian.
  • Maiatzak 8, asteazkena: Lou: dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala, 21:30ean, Matadeixen.
  • Maiatzak 10, ostirala: Oswaldovi, Everest Magma, Sorotan Babies taldeen kontzertuak, 22:00etan, Matadeixen.
  • Maiatzak 11, zapatua: Riosenti eta Lumi taldeen kontzertuak, 22:30ean, Matadeixen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide