Prozesioak eta bisita gidatuak, Azkoitiko Aste Santuko protagonistak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 9a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko, Hondarribiko, Segurako eta Pasaiako ordezkariek lau udalerrietako egitarauak aurkeztu dituzte. Azkoitiko ekintzen antolatzaile Juan Bautista Mendizabalek Aste Santuak duen "interes turistikoa eta erlijiosoa" goraipatu du.

Azkoitiko, Hondarribiko, Segurako eta Pasaiako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek datorren Aste Santura begira prestatu duten egitaraua aurkeztu dute gaur, asteartea, Donostian egin duten agerraldian. Azkoitian prestatzen dituzten ekintzen antolatzaileetakoa den Juan Bautista Mendizabal izan da saioan, eta Aste Santuak duen "interes turistikoa eta erlijiosoa" azpimarratu du hark.

Era berean, Azkoitiko Aste Santuko ospakizunak zein ekintzak izan ditu hizpide Mendizabalek. Hain zuzen ere, Azkoitian egiten dituzten ekintzek "ukitu herrikoia" dutela eta 300 boluntario inguruk parte hartzen dutela azaldu du antolatzaileak: "Azkoitiko Aste Santuaren liturgia beti nabarmendu izan da barneratze eta duintasun giro apartekoagatik. Zeremoniek balio sinbolikoa eta adierazkorra dute, batez ere ohitura polifoniko aberats batetik datozelako eta Pasioaren antzezpenaren inguruan sortutako ondare historikoaren oinordeko direlako".

Datorren igandean, hilaren 14ean, hasiko dira Aste Santuko aurreneko ekintza erlijiosoak. Erramu Igandean, erramua bedeinkatuko dute, eta prozesioa eta meza nagusia izango dira goizean. Aurretik, ordea, izango da zer ikusi Azkoitian. Izan ere, Mendizabalek aurreratu du Aste Santuan kalera ateratzen dituzten XVI. eta XX. mende arteko pausoak parrokin jarriko dituztela ikusgai bihar iluntzean. "Urte osoan gordeta izaten ditugu, eta beraz, oraintxe dago ikusteko aukera".

Antolatzaileen esanetan, Aste Santuko "unerik gorena" Ostiral Santua izan ohi da. Izan ere, bi prozesio egiten dituzte egun horretan: arratsaldean, Jesusen Nekaldi eta Heriotzarena eta gauean, Hilobirako Prozesio Santua. Hilaren 21ean, Berpizkunde mezarekin amaituko dituzte ekintza erlijiosoak, baina bien bitartean, bestelako egitasmorik ere izango da herrian. Izan ere, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, bisita gidatuak prestatu dituzte beste urte batez, eta herritarrek zein bisitariek herriko hainbat ondare historiko, kultural eta artistiko ikusteko aukera izango dute hainbat egunetan. Bista horien inguruko informazio gehiago lortzeko, 943-15 18 78 eta 943-85 71 70 zenbakietara edo i-loiola@urolaturismo.eus eta kultu@azkoitia.eus helbideetara idatzi daiteke.

Ikusi egitarau osoa, hemen:

  • Apirilak 14, igandea. Erramu Igandea.

11:00. Erramu Bedeikatzea Herriko Plazan, prozesioa eta meza nagusia.

  • Apirilak 18, osteguna. Ostegun Santua.

12.30. Parrokian bisita gidatua: Parrokia eta Aste Santuko irudiak.
17:00. Meza, Santa Klarako elizan.
19:00. Parrokian Jesusen Afariaren Ospakizun Meza.
21:00. Otoitzaldia. Gau Gurtza.

  • Apirilak 19, ostirala. Ostiral Santua.

09:00. Eliza irekiko da gogoeta eta bisitarako.
11:00. Gurutze bidea.
12.30. Bisita gidatua Azkoitiko Gune Historikoan. Irteera parroquia aurretik.
16:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna. Santa Klarako elizan.
17:00. Jesusten Nekaldi eta Heriotzaren Ospakizun prozesioa.
21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

  • Apirilak 20, larunbata. Pazko bezpera.

12:30. Intsausti Jauregian, bisita gidatua.
21:00. Pazko Gau Beila parrokian. Berpizkunde meza.

  • Apirilak 21, igandea. Igande Santua.

11.00 Pazko Meza Nagusia.
12.30 Bisita gidatua: Inaziotar Azkoitia. Irteera Balda plazatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide