Azkoitia BHI ikastetxea garatzen ari den elkartruke programari esker, Azkoitian dira Italiako Padua hiriko Istituto Femminile Don Bosco delle Figlie di Maria Ausiliatriceko ikasleak. Hogeitik gora neska-mutil daude Azkoitian joan zen ostegunetik, eta gaur goizean horiei harrera egin diete Azkoitiko Udaleko ordezkariek.
Hala esan die Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak: "Zortea duzue. Gauza guztiak aldatzen doaz, eta Erasmus programa hezkuntza alorrean egin den onenetarikoa da. Bidaiatzeak, esperientzia eta ezagutza partekatzeak, ikuspegia zabaltzen eta aberasten du. Aprobetxatu aukerak. Gazteak zarete, eta sinets iezadazue, bizitzak begien kliska bat baino ez du irauten". Italiako institutuko ordezkariek udalaren ilustrazio bat jaso dute, udal ordezkarien eskutik. Bestalde, Araitz Etxaniz soinu-jotzaileak trikitiz girotu du harrera ekitaldia, eta zenbait ikasle eta zinegotzi dantzara ere animatu da. Ikasleak bihar itzuliko dira etxera, eta alkateak bidaiak Euskal Herriaren "oroitzapen gozoak" utziko zizkiela espero duela esan die horiei.
Azkoitiko ikaslek joan zen urtarrilean izan ziren Italian. Bidaia hartan Padua, Verona eta Venezia bisitatu ahal izan zituzten, besteak beste.