40 hezurtegi egin ditu Azkoitiko Udalak hilerrian, eta horiek esleitzeko prozedura hasi du

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 8a

Hezurtegi bakoitzean lau pertsonen gorpuzkinak gorde ahal izango dira, eta herritarrek gehienez 75 urtez erabili ahal izango dute.

Azkoitiko Udalak beste 40 hezurtegi eraiki ditu hilerrian, eta horiek erabiltzeko prozedura hasi du. Herritarrek dagoeneko egin ditzakete hezurtegiak erabiltzeko eskaerak, udaletxeko harrera gelan. Hezurtegi bakoitzean lau pertsonen gorpuzkinak gorde ahal izango dira, eta gehienez 75 urtez erabili ahal izango dute.

Lau ilaratan eraiki dituzte hezurtegiak, eta ilara bakoitzean hamar hezurtoki daude. Bakoitzak 624,22 euroko prezioa du, eta interesa dutenek maiatzaren 17ra bitartean egin ahal izango dute eskaera, udaletxeko harrera bulegoan. Udalak adierazi duenez, 18 urtetik gorako edozein pertsonek eska ditzakete hezurtegiak, eta familia unitate bakoitzeko eskabide bakarra onartuko du. Dena den, udalak adierazi du Azkoitian bizi direnek lehentasuna izango dutela hezurtegiak esleitzeko egingo duten zozketan.

Orain arte, 132 hezurtegi zeuden hilerrian eta espazio horrek duen "ahalmena" handitzeko asmoz egin ditu lanak udalak. Prozeduraren inguruko informazio osoa, berriz, hemen eskuratu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide