Askotariko kultur saioek bat egingo dute Maiatzeko Lorak egitasmoan

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 8a

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak bosgarrenez antolatu du egitasmoa, eta maiatzaren 8an izango da lehen ekintza; egun horretan, Lander Garro eta Pello Reparaz ETB1eko 'Euskalonski' saioko zuzendariak eta aurkezleak hitzaldia eskainiko dute Elkargunean.

Udaberria iristearekin batera, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Maiatzeko Lorak egitasmoa antolatu du bosgarren urtez. Oraingoan, solasaldiek, bertso saioek eta kontzertuek osatuko dute egitaraua, eta maiatzaren 8an izango da lehenengo ekitaldia. Lander Garro eta Pello Reparaz ETB1eko Euskalonski saioko zuzendariak eta aurkezleak hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan, Elkargunean. Azken edizioetan bezala, herritarrek bidalitako galderekin osatuko dute Ana Zubizarretak gidatuko duen saioa, eta horiek bihartik aurrera izango dute galderak bidaltzeko aukera.

Hilaren 17an, berriz, bertso saioa egingo dute Floreaga ikastetxearekin elkarlanean. Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek eskainiko dute saioa ikastetxeko On Bosco aretoan, eta Juan Inazio Sudupe arituko da gai jartzaile lanetan.

Musika doinuekin itxiko dute Maiatzeko Lorak egitasmoa, hilaren 31n. Egun horretan, Pelax eta Izaki Gardenak taldeek kontzertua eskainiko dute Matadeixen, 22:30etik aurrera. Matadero Ekintzak taldearekin elkarlanean antolatu dute kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide