Herri kirol munduaren omenaldia jaso du Goenatxo II.ak

Julene Frantzesena 2019ko api. 7a, 10:05

Egun borobila izan zen atzokoa Juan Jose Unanue Goenatxo II.arentzat. Izan ere, goizean berari eskainitako liburua aurkeztu zuten Azkoitiko udaletxean, eta arratsaldean herri kirol munduko ordezkarien eta herritarren omenaldia jaso zuen harri-jasotzaile izanak.

Gurea pilotalekuan egin zioten omenaldia Goenatxo II.ari, eta han izan ziren, besteak beste, Euskal Herriko harri-jasotzaile eta aizkolari ezagunenetarikoak, hala nola Aimar Irigoien, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III.a, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga. Horiek hainbat lan egin zuten bertaratu zirenen gozamenerako. Gainera, trikitilariak aritu ziren giroa alaitzen.

Ondoren hainbat oroigarri eman zizkioten eguneko protagonistari, eta horrekin bukatu zen ekitaldia. Esan gabe doa, Goenatxo II.a gizon maitatua zela bere herrian nahiz Euskal Herrian, eta horren erakusle izan zen atzoko eguna.

Hona hemen, atzo arratsaldeko jaialdiko irudi batzuk (Argazkiak: Ibon Errazu):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide