Goenatxo II.a, "bihotz handiko" harri-jasotzaile aparta

Julene Frantzesena 2019ko apirilaren 6a

Eguerdiko hamabiak jotzerako jende ugari zegoen Azkoitiko Kontzejupean, tartean herri kirolen munduko hainbat lagun. Ez zen kasualitatea; izan ere, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri-jasotzaile azkoitiarrari buruzko liburuaren aurkezpena hastear zen udaletxeko areto nagusian. Aretoa goraino bete da, eta han izan da protagonista nagusia ere, bere senideek eta lagunek lagunduta.

Koldo Aldalur kazetariak egin ditu saioaren gidaritza lanak, eta hark pertsona berezi bati eskainitako liburu berezi bat dela esanez hasi du aurkezpen ekitaldia. "Kirol munduan gabiltzanok askotan konturatzen gara urrutiko intxaurrak oso gauza ederrak direla eta etxean ditugunak askotan ez zaizkigula hain ederrak iruditzen. Hain zuzen ere, askotan aritzen gara aipatzen ez dakit nongo zein kirolari ikaragarria dela, baina askotan ez dugu ikusten etxean bertan zer daukagun", azaldu du hark Goenatxori erreferentzia eginda. Hark azkoitiarrei esan die "lasai" egoteko moduan direla, herrian dutelako "Euskal Herriko historiak eman duen kirolari onenetako bat eta harri-jasotzaile onena, edo gutxienez, onenetarikoa".

Liburuaren egileek, Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak, hartu dute hitza segidan. Bermejok ondu du liburua, eta Urretabizkaia arduratu da argazkiez eta diseinuaz; lana, berriz, Xibarit argitaletxeak kaleratu du. Urretabizkaiak adierazi duenez, orain dela urtebete pasa egiten hasi ziren Jentilak izeneko liburu bildumako seigarren lana da Goenatxo II.ari eskainitakoa. "Aizkora munduko hiru egin genituen aurrena –Patxi Astibia, Migel Mindegia eta Jose Inazio Orbegozo Arria II.a–, gero Luziano Juaristi Atano X.ari buruzkoa, eta orain harri-jasotze munduko liburuekin hasi gara; hurrengo hilean [Jose Manuel Agirre] Endañetaren liburua aurkeztuko dugu", azaldu du. Hark adierazi duenez, "oso gustura" ari dira lanean: "Bildumako protagonistak kalitatezkoak dira, eta liburuak ere halakoak dira".

Bermejo idazle eta kazetariak azaldu duenez, kinta berekoak dira Goenatxo eta biak, eta Urretabizkaiari eskerrak eman dizkio harri-jasotzaile azkoitiarra ezagutzeko aukera eskaintzeagatik. "Niretzat aurkikuntza bat izan da; izan ere, kintakoak izanagatik bi mundu oso desberdinetakoak gara". Izugarrizko "ilusioa" egin zion liburua egiteko proposamena jasotzeak Bermejori; izan ere, bere sustraietara iristeko parada izan du egin berri duen lanari esker: "Harria gure herriaren metafora eta mitoa da niretzat, eta harri-jasotzaileak dira harri horri bizitza eman diotenak, harria dantzan jarri duteak, harria besarkatu dutenak". Goenatxori buruzko liburuan jaso dituen pasarteetako bi aipatu ditu Bermejok. "Hil zen bere anaiari buruzko oroimenezko zatia, eta Saralegirekin jokatu zuen finaleko kontakizunarekin". Oteiza ere aipatu du idazleak hitzartzean: "Harriak bihotza daukala esaten zuen, eta hark esan zidan bihotz hitzak 'bi huts' esan nahi zuela. Eta hori horrela dela baieztatu nuen Goenatxo entzutean; izan ere, bi huts horiek Goenatxo eta bere anaia ziren Saralegiren aurkako final hartan, biak aritu ziren harria jasotzen; bihotzean zuen hutsunea bere anaia zen. Bihotz handiko gizona da Goenatxo".

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esker eta zorion hitzak izan ditu harri-jasotzailearentzat. Hark Goenatxo II.ak harri-jasotze munduan egindako lana azpimarratu du, kirol hori bultzatu eta sustatu duelako. "Goenatxotarrak harri-jasotzen baldin badabiltza, herri kirolak eta herriak asko irabaziko dute". Liburuaren sarrerako testuan idatzi duena ekarri du gogora alkateak: "Bizkar gainera sekula igoko duen harririk handiena baino handiagoa dauka bihotza Goenatxo II.ak. Ingurukoak zoriontsu egiten dakien jendea bada, eta halakoxea da Juan Jose. Plazan, etxean eta joaten den tokian alai, dena emateko prest eta esku zabal. Apaltasun osoz herri honi izana eta izena eman dizkiozu, eta harrokeriarik gabe baina harrotasunez esaten dugu Goenatxo ez dela edozein herri kirolen historian. Harro gaude, gainera, azkoitiarra zarelako, azkoitiarra jaiotzez eta bihotzez".

Hitzartze sokaren ostean, Goenatxo II.aren kirol ibilbideko irudiekin osatutako bideo bat ere eman dute, eta ondoren hartu du hitza protagonistak. Aldalurrek hainbat galdera egin dio azkoitiarrari, ironiaz harri-jasotzaileari halakoak "asko gustatzen" zaizkiola esanda. Kirol ibilbidearen gogortasunaz aritu da hizketan aurrena: "18 urterekin hasi nintzen plazetan, eta 54-55 urterekin utzi nion. Beti ez du eguzkia egin, entrenamendu txarrak eta onak, denetarik bizi izan dut. Normalean, onekin geratzen zara, eta txarrak ahaztu nahi izanagatik, beti akordatzen dira. Kirola hala izaten da". Harri-jasotzaile izanak azaldu du gauzak ondo ateratzen direnean "dena erraza" izaten dela, baina hala ez denean, zama eramatea "oso zaila" dela adierazi du. Lortutako balentriez ere hitz egin du, eta harri handiekin izan duen abileziaz aritu da solasean. Bestalde, semeak bere lekukoa hartu duela-eta "gustura" agertu da azkoitiarra.

Ekitaldia bukatzerako, sorpresatxoa eman diote bi semeek aitari; izan ere, bertso bat abestu diote horiek Goenatxo II.ari. Honako bideo honetan ikus daiteke bertsoa:

https://www.youtube.com/watch?v=B-KNiPT-E4I&feature=youtu.be

Goizeko liburu aurkezpenaren ostean, omenaldia egingo diote Goenatxo II.ari arratsaldean. Gurea frontoian izango da ekitaldia, 18:00etan hasita, eta harri-jasotzaileek nahiz aizkolariek erakustaldia eskainiko dute bertan.

Hona hemen, gaurko aurkezpeneko irudi batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide