Azkoitiko EAJk datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda aurkeztu du. Jeltzaleek azaldu dutenez, "aurpegi berriek eta lehendik ezagunak direnek" osatzen dute Javier Zubizarreta buru duen zerrenda, eta hautagaiak jakinarazi badituzte ere ez dute zerrendaren hurrenkeraren berri eman.
Agintaldi honetan EAJren udal taldeko kide diren zortzi zinegotziak izango dira zerrendan: Ana Azkoitia, Mari Jose Arregi, Imanol Arrizabalaga, Sonia Vazquez, Angel Martin, Nekane Larrañaga, Maitane Unanue eta Miguel Angel Bastida. Horiez gain, Mertxe Zubillaga, Juan Bautista Mendizabal, Amaia Larrañaga, Mikel Zubizarreta, Pello Larrañaga, Yolanda Larrañaga, Agustin Garcia, Aroa Maldonado, Manuel Arellano, Mari Carmen Blazquez eta Jose Mari Flores dira hogei laguneko zerrenda osatuko duten herritarrak.
Taldeak hauteskundeetarako aukeratu duen leloa Herrigintza buruarekin, bihotzetik da. EAJk azaldu duenez, agintaldi honetan "konfiantza eta esperientzia" irabazi dituzte EAJren udal taldeko kideek, eta talde gisa "indartu" egin da. Horregatik, 2015ean hasitako bideari jarraipena ematea dutela helburu esan dute taldeko kideek.
Kudeaketa ereduari dagokionez, taldeak orain arte izan dituen irizpideak defendatuko dituela adierazi du: "Kudeaketa eraginkorra, gardena eta humanoa egingo dugu, hain zuzen ere". Politika "gaizki ikusita" dagoela ere esan du taldeak, eta adierazi du beti ez dela erraza pausoa ematea, zerrendara batu diren herritarrei keinu eginez: "Herrigintza aldarrikatu behar dugu, udal kudeaketa, tokiko politika, beti izan baita eta izango baita behar-beharrezkoa. Norbaitek egin behar du lan pertsonok gero eta hobeto bizi ahal izateko. Hori da gure egitekoa eta talde gisa gure izatearen arrazoia. Lanera gatoz eta lan egingo dugu".
Jeltzaleek adierazi dutenez, dagoeneko hasi dira programa lantzen: "Argi dugu azken lau urteotan esandakoa egin dugula; esandakoa eta zerbait gehiago. Emandako hitza betetzen jarraitu nahi dugu".