Aitor Andreu, muay thaiko Euskadiko txapelduna

"Muay thaiaren atzean historia eta filosofia interesgarriak daude"

Ihintza Elustondo 2019ko api. 4a, 10:41

Aitor Andreu. (A.A.)

Muay thai kirola praktikatzen duzu. Zertan datza?

Boxeo thailandiarra ere deitzen diote. Burua izan ezik, gorputzeko atal guztiak erabil daitezke kirola praktikatzerakoan: eskuak, ukondoak, belaunak eta hankak. Boxeoan hankak ezin dira erabili, eta kick boxingean, ukondoak eta belaunak ez. Kick boxing kirolaren barruan k1 izeneko modalitate bat dago, eta horretan belaunak balia daitezke, baina ukondoak ez.

Noiz eta nolatan hasi zinen kirol hori praktikatzen?

Duela bi urte. Gasteizen bizi nintzen orduan, eta egun batean, supermerkatura bidean nindoala, muay thai eskola iragartzen zuen kartel bat ikusi nuen. Arte martzialek beti piztu izan dute nire arreta, eta probatzea erabaki nuen. Gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte. Egun, muay thai modalitatean lehiatzen naiz, eta osagarri moduan, kick boxing, k1 eta boxeoa ere praktikatzen ditut.

Arte martzialak asko gustazten zaizkizu, beraz.

Bai, kontaktu fisikodun kirol gehienak gustatzen zaizkit.

Ez al da kirol arriskutsua muay thai?

Bai, dezente arriskutsua da. Dena den, amateur mailan ez hainbeste, kaskoa nahiz ukondoetako eta belaunetako babesak jartzen ditugulako; izan ere, profesionaletan ez da izaten horrela. Gainera, epailea egoten da lehian, eta hark arriskuren bat ikusten badu, tartean sartzen da. Baina, hala eta guztiz, kolpeak jasotzen dituzu.

Aitor Andreu, Euskadiko Txapelketa jokatzen. (A.A.)

Otsailean jantzi zenuen Euskadiko txapela. Ordutik beste txapelketaren batean parte hartu al duzu?

Ez. Berez, Euskadiko Txapelketa irabazi nuenez, Espainiako Txapelketara joan behar nuen. Baina abendutik gluteoko minez nenbilen, eta lesionatu egin nintzenez, ezin izan nuen Espainiako Txapelketan parte hartu.

Aurrera begira, zer asmo dituzu?

Lehenik, ondo osatzea nahi dut, eta ziurrenik, ekainean pare bat lehiatan parte hartuko dut.

Non entrenatzen duzu?

Lehen, Gasteizen aritzen nintzen, baina orain, praktikak Donostian ari naiz egiten, eta han egiten ditut entrenamenduak. Hurrengo hilera arte Donostian entrenatuko dut, eta Ermuko [Bizkaia] taldera-edo joango naiz gero. Ikusiko dut.

Azkoitian ez al dago ohiturarik muay thai kirola praktikatzeko?

Urte batzuetan boxeo irakatsi izan dute herrian, kikc boxing ere egin izan dute, baina gaur egun, Azkoitian ez dut uste talderik dagoenik. Batzuetan azkoitiarrez eta azpeitiarrez osatutako talde bat elkartzen gara, geure kontura entrenatzeko. Dena den, arte martzialak praktikatzeko ohitura badago herrian; besteak beste, indar handia du karateak.

Zer du muay thaitik gustuko duzuna?

Muay thaiaren atzean historia eta filosofia interesgarriak daudela iruditzen zait; izan ere, hainbat gauza eskatzen du kirol hori praktikatzeak: konstantzia, diziplina, lana, fisikoki ondo egotea... Gainera, desestresatzeko dagoen gauzarik onena iruditzen zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide