Azkoitiko Floreaga auzoko Babes Ofizialeko Etxebizitzen obrak berriz lizitatuko dituzte

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 3a

Visesak ohar bidez jakinarazi du etxebizitzen promozioan "esku hartutako eragileek zenbait arazo" hauteman dituztela eta horrek proiektua berriz "sakon berrikusi beharra" eragin duela. Eraikuntza enpresarekin zuen kontratua eten eta beste lizitazio prozesu bat hastea erabaki du sozietate publikoak.

Floreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzak geldirik daude. (Ane Olaizola)

UROLA KOSTAKO HITZAk Azkoitiko Floreaga auzoko Babes Ofizialeko Etxebizitzen obrak geldirik zeudela jakinarazi zuen joan den astean, eta ez Azkoitiko Udalak ez Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak ez zuten argibiderik eman orduan. Gaur, asteazkena, ohar bat bidali du Visesak gaiaren inguruko azalpenak emanez, eta erakundeak jakinarazi du etxebizitzak egiteko obrak berriz lizitatuko dituztela.

2018ko ekainean hasi zituzten Tekla inguruan 30 babestutako etxebizitza eraikitzeko obrak; horietako hamasei Babes Ofizialeko Etxebizitzak izango dira, eta beste hamalau alokairu sozialera bideratuko dituzte. Sukia Eraikuntzak S.A. enpresari esleitu zizkioten lanak, baina Visesak jakinarazi duenez, etxebizitzen promozioan "esku hartutako eragileek zenbait arazo hauteman dituzte, eta horrek eragin du proiektua berriz sakon berrikusi beharra". Prozesu horretan, eraikuntza enpresak Visesari jakinarazi dio ezin duela obrarekin jarraitu.

Egoeraren azterketa egin ostean, proiektuan txertatu beharreko "zenbait aldaketa" identifikatu ditu Visesak, eta "hainbat eragilerekin" ondorioztatu du aldaketa horiek ezin direla gauzatu "egungo obra kontratuaren esparru ekonomikoan". Ondorioz, eraikuntza enpresarekin zuen kontratua eten eta beste lizitazio prozesu bat hastea erabaki du sozietate publikoak.

Visesaren arabera, lizitazio berriak proiektuaren hasierako plangintza aldatuko du, eta erakundeak "beharrezko kudeaketa guztiak" egingo ditu, "ondorioak ahalik eta txikienak" izan daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide