Egoitza Kalera plataformako kideek Azkoitiko udaletxean aurkeztu dituzte San Jose adinekoen egoitza herrigunera eramatea eskatzeko egin duten kanpainan jasotako 3.224 sinadurak. Plataformako kideek gaur, asteazkena, jo dute Azkoitiko Udalera, eta sinadurak udaletxean utzi ez ezik, harremanetan jarri dira udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariekin. Hain zuzen, ordezkari politikoei proposatu diete plataformako kideekin bil daitezen. Egoitza Kalerak hurrengo ostegunerako, apirilaren 11rako, jarri du hitzordua, 18:00etan, Elkargunean.
Joan den otsailean sortu zen Egoitza Kalera taldea San Jose adinekoen egoitza herrigunera mugitzea xede.Gaur egun, Azkoitiko Santa Kutz auzoko muino batean kokatuta dago adinekoen San Jose egoitza, eta gunea herrigunera lekualdatzea eta gaia herriratzea nahi du Egoitza Kalera taldeak. Izan ere, egoitzaren kokapena ez zaie egokia iruditzen talde horretako kideei, batez ere, “irisgarritasun” arazoak eragiten dituelako. Otsailaz geroztik sinadurak biltzen aritu dira Egoitza Kalerako kideak, eta joan zen astean itxi zuten sinadura bilketa. Astelehenean jakinarazi zuten jasotako firmen kopurua: 3.224 sinadura. Datua ikusita, balorazio "positiboa" egin dute.
Taldearen arabera, San Jose egoitzara iristeko “aldapa handia” igo behar da, eta “herrigunetik aparte” dago eraikina. Haien ustez, egoitza kaletik gertuago balego, herritarrak “errazago” joango lirateke egoiliarrak bisitatzera.