Zizu zenaren omenez, Holz Und Blech festa egingo dute Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 2a

Zuhaitz Urain 'Zizu' zena oroitzeko, haren lagunek Holz Und Blech festa antolatu dute laugarren urtez. Larunbatean izango dira ekitaldiak: lehenik, bazkaria egingo dute, eta ondoren, DJak izango dira herriko tabernetan.

Zuhaitz Urainen senideak eta lagunak, iazko festan. (Hitza)

Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez, haren lagunek Holz Und Blech festa antolatzen dute urtero Azkoitian. Musika elektronikoaren sustatzaile handienetakoa izan zen Urain Azkoitian, eta horregatik, musika elektroniko artean oroitzen dute haren gertukoek. Larunbatean egingo dute festa; aurtengoa laugarren edizioa izango da.

Urtero antzeko jaialdia antolatzen dute Zizuren lagunek: lehenik, bazkaria egiten dute Joseba jatetxean, eta, ondoren, DJak izaten dira herriko tabernetan. Matadeixen hasiko da musika festa: 17:00etatik 22:00etara bitartean, Galiano eta Hamid ariko dira zuzenean. Ondoren, Munizzio, Goiko eta Juantxi DJek hartuko dute lekukoa; haiek Dean tabernan ariko dira, 22:00etatik 04:00etara. Ordu tarte berean, Zakela tabernan ere musika elektronikoa entzun ahalko da; Krakobia, Beba, Depression eta Panda ariko dira zuzenean. Gainera, Txalintxo tabernan ere DJak entzun ahal izango dira: Xugua, Elektropeña, Alexander Loop eta Anartz izango dira bertan, 22:00etatik 06:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide