3.224 sinadura jasota amaitu du kanpaina Azkoitiko Egoitza Kalera taldeak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 1a

Egoitza Kalera taldeko kideak. (Maxixatzen.eus)

Azkoitiko San Jose adinekoen egoitza herrigunera ekartzea eskatzeko, joan den otsailean Egoitza Kalera taldea sortu zuten hainbat herritarrek. Orduz geroztik, sinadurak biltzen aritu da taldea, eta joan den astean itxi zuten kanpaina. Hainbat astez kalera irten ostean, guztira 3.224 sinadura jaso dituzte Egoitza Kalerako kideek, eta egitasmoak izan duen erantzuna ikusita, balorazio "positiboa" egin dute. Horregatik, Egoitza Kalerak eskerrak eman dizkie sinadura bilketa babestu duten herritarrei. Taldeko kideek aurreratu dutenez, datozen asteetan jakinaraziko dituzte hemendik aurrerako dituzten asmoak. 

Gaur egun, Azkoitiko Santa Kutz auzoko muino batean kokatuta dago adinekoen San Jose egoitza, eta gunea herrigunera lekualdatzea eta gaia herriratzea nahi du Egoitza Kalera taldeak. Izan ere, egoitzaren kokapena ez zaie egokia iruditzen talde horretako kideei, batez ere, “irisgarritasun” arazoak eragiten dituelako. Taldearen arabera, eraikinera iristeko “aldapa handia” igo behar da, eta “herrigunetik aparte” dago eraikina. Haien ustez, egoitza kaletik gertuago balego, herritarrak “errazago” joango lirateke egoiliarrak bisitatzera.

Taldekideek badakite proiektua ezingo dela “egun batetik bestera” gauzatu, eta horregatik erakundeei gaiari arreta jartzen hasteko eskatu die: “Gaiaz pentsatzen hasteko eskatu nahi diegu, gero lanari ekiteko”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide