Azkoitiko Bizkargi plazako sutearen ikerketan, "hipotesi guztiak" zabalik daude

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 1a

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak baieztatu du uneotan ezin dela ziurtatu instalazio elektrikoak su hartu zuenik, hasiera batean Ertzaintzak hala esan bazuen ere. "Epe motzean" zer gertatu zen jakitea aurreikusten du udalak. Gaur eta bihar artean auto guztiak ateratzea da haren asmoa. Alkatearen arabera, "kalte handiak" eragin ditu suak.

Bizkargi plazako garajeetatik kea ateratzen zen, larunbatean. (Ane Olaizola)

Hasieran, Ertzaintzak jakinarazi zuen instalazio elektrikoak su hartu zuelako gertatu zela Azkoitiko Bizkargi plazako garajeetako ezbeharra, baina Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak gaur UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, une honetan ezin da hori hala izan zela ziurtatu. Haren arabera, "hipotesi guztiak zabalik" daude: "Ikerketak ondo doaz, eta pentsatzen dugu epe motzean esango dugula zer gertatu zen. Iritsiko gara hau dena non sortu zen jakitera". Horren harira, zurrumurruak saihesteko eskatu du alkateak.

Bizkargi plazako etxebizitzetan 180 garaje daude, eta Zubizarretaren arabera, "kalte handiak" izan dira han. Atzo, udalak bizilagunekin egin zuen bileraren ostean, autoak garajeetatik ateratzen hasi ziren, lehentasunen arabera, eta gaur ere zeregin horretan ari dira. Alkateak azaldu duenez, atzo 30 bat auto atera zituzten, eta gaur arratsalderako, guztira 60 ibilgailu atera dituzte. Auto horiek, lehenik, garaje inguruan bertan garbitzen dituzte, eta ondoren, berriro garbitzen dituzte Garbigunean.  "Hasieran, auto denek irteten dute beltz-beltz, baina gero ikusi egin beharko da nola dauden. Kiskali zen autoaren ondoko garajeari tabike dena erre zitzaion, eta zorionez, ez zegoen autorik han. Baina azalduko da autoren bat kaltetuta; horretan, zalantzarik ez dago". 

Auto guztiak gaur eta bihar artean ateratzea da udalaren asmoa, eta behin auto guztiak ateratakoan, bizilagunen esku geldituko dira aseguruekin egin beharreko izapideak. "Pentsatzen dut hondakinak ateratzen hasiko direla, eta dena konpontzen dutenean eta segurtasun aldetik arazorik ez dagoenean, garajeetara itzultzeko baimena emango diete bizilagunei. Baina lan nahikoa dago aurretik egiteko, eta ziurrenik, denbora pixka bat pasatuko da", esan du alkateak.

Zubizarretak "kalte handiak" izan direla azaldu duen arren, horien tamaina oraindik zehazteko dagoela jakinarazi du. Egunotan aparejadorea, aseguruko agenteak eta peritua igaro dira garajeak ikustera, eta haiek zehaztuko dute zenbaterainokoa izan den kaltea. Hala eta guztiz, bizilagun batzuek besteek baino kalte handiagoak jasan dituztela zehaztu du alkateak: "Adibidez, eztanda izan zen tokian askoz ere kalte handiagoak daude; haien kasuan, garajeek ez ezik, etxebizitzetako instalazioek ere jasan dituzte kalteak". Bizkargi kaleko bosgarren ezkaratzeko etxebizitzetan, zenbait zerbitzu ezin dituzte erabili oraindik, hoditeria desegin delako suaren ondorioz. "Gauza horiek zuzentzen ari gara, etxe barruko bizimodua ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzeko".

Alkatearena arabera, 180 garaje baino gehiago izan dira kaltetuak, etxebizitzen azpian daudenez gain, kale aldera ematen duten beste garaje batzuei ere eragin dielako suak. "Garaje horietako zenbait egitura mugitu dira, eta autoak aterarazi dizkiete jabeei, dena berregin bitartean". Zubizarretaren arabera, ez dago esaterik zenbat izan diren kaltetuak, baina "asko" dira.

Etxebizitzen egituran ere kalteak izan direla nabarmendu du Zubizarretak. "Burdinezko egiturek eta zutabe batzuek konponketa serioak beharko dituzte". Zenbait garajetako sabaiak ere kaltetu direla nabarmendu zuen.

Lidl zaharrean aparkatzeko lehentasuna

Bestalde, kaltetutako garajeetako jabeek lehentasuna izango dute Lidl zaharreko aparkalekuan autoa uzteko. Aukera hori baliatzeko, bihar –asteartea– goizetik aurrera identifikatzeko txartel bat eskatu beharko dute udaletxeko harreran.

Horrez gain, udalak bizilagunei gomendatu die etxepeko aseguruan eta ibilgailuaren aseguru etxean parte emateko. Era berean, ibilgailuei argazkiak ateratzeko ere eskatu dute.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide