Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta hainbat udal ordezkari Bizkargi plazako bizilagunekin elkartu da gaur arratsaldean, hango garajeetan piztutako suaren biharamunean. Herritar ugari elkartu da udaletxean egin duten bileran, eta aurrera begira egin beharreko urratsak azaldu dizkiete horiei. Udalaren arabera, 180 garaje daude gune horretan, baina 108 zenbakiduna da kalterik handiena jasan duena.
Oraingoz, garajeak ez daude erabilgarri, argindarrik eta beharrezko segurtasun neurririk ez baitaude. Horiek egokitu arte, itxita egongo dira garajeak, eta horregatik, gaurko bileraren helburua izan da autoak handik "ordenean eta lehentasunen arabera" atera ahal izateko koordinatzea. Udalak azaldu duenez, bihar, astelehena, lanera joateko behar duten 27 ibilgailuei eman diete lehentasuna. Garaje inguruan autoak garbituko dituzte, eta Garbigunean "garbiketa sakonagoa" emango diete horiei. Hain zuzen ere, brigadako eta Serbitzu enpresako langileen laguntza izango dute horiek. Bihar jarraituko dituzte lan horiek egiten, auto guztiak garajeetatik atera eta garbitu arte.
Bileran, udalak garajeetako jabeei gomendatu diete guneari argazkiak atera ditzaioten eta beraien aseguru etxeetan parte eman dezaten. Edozein zalantzaren aurrean, berriz, hango administrarekin (943-15 05 55 ) edo udalarekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Ertzaintzak gaur goizean baieztatu du Bizkargi plazako garajeetan izan zen sutearen ondorioz pertsona bat hil dela, eta "gertaera tragikoa" dela esan du Zubizarretak. Ikerketak aurrera jarraitzen duela gaineratu du, eta haren arabera, "laster" jakingo da zer gertatu den. "Oraintxe bertan esan daitekeena errealitatetik urrun egon daiteke. Ikerketa talde on bat daukagu lanean eta zer gertatu den argitu arte, alferrikakoa da jardutea", gaineratu du. Era berean, doluminak helarazi dizkie hildako emakumearen senideei.
Atzo, 16:00ak inguruan piztu zen sua Bizkargi plazako garajeetan. Eztanda bat entzun zen ordu horretan Bizkargi plazan, eta bizilagunek suhiltzaileei deitu eta minutu gutxira iritsi ziren haiek sutearen lekura. Suhiltzaileak gauera arte aritu ziren lanean, eta gaur goizean ere izan dira gertaeraren lekuan, ertzainekin eta forentsearekin batera. Ertzaintzaren arabera, hango instalazio elektrikoak su hartu zuen, eta ondorioz, hango auto batek ere bai. Ikerketak, dena den, zabalik jarraitzen du.