Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZA egunkariari jakinarazi dionez, pertsona bat hil da atzo arratsaldean Azkoitiko Bizkargi plazako garajeetan izandako sutean. Iturri horren arabera, hildakoa emakumezkoa da eta atzoko ezbeharrean su hartu zuen autoaren barruan aurkitu dute haren gorpua. Hain zuzen ere, Azkoitiko Udalak jakinarazi du autoaren jabearen gorpuzkiak direla ibilgailuaren barruan antzemandakoak.
Bizkargi plazako bizilagunei egoeraren inguruan informatzeko asmoz, bilera deitu du udalak gaur arratsalderako. 16:00etan izango da batzarra, udaletxean, eta garajeetan jasandako kalteen harira, eman beharreko urratsen berri emango dute udal ordezkariek. Era berean, udalak ibilgailuak garbitzeko gune bat ere egokituko du haientzat. Erakundeak azpimarratu du dituen baliabide eta zerbitzuak bizilagunen esku jarri dituela, eta haiei laguntzeko "prestutasun osoa" agertu du.
Udalak, bestalde, doluminak eman dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei.
Atzo, 16:00ak inguruan piztu zen sua Bizkargi plazako garajeetan. Ertzaintzaren arabera, hango instalazio elektrikoak su hartu zuen, eta ondorioz, hango auto batek ere bai. Gaur goizean, ertzainak eta forentsea izan dira gertaeraren lekuan lanean. Aparejadorea ere izan zen atzo kaltetutako garajeetan, hango egitura kaltetu al den aztertzen.