Azkoitiko Bizkargi plazako garajeetan sua piztu da. Bizilagunek UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi diotenez, 16:00retan eztanda bat entzun da Bizkargi plazan. Ondoren, beste leherketa txiki batzuk entzun dira. Bizilagunek suhiltzaileei deitu eta minutu gutxira iritsi dira haiek sutearen lekura, eta une honetan lanean ari dira. Jendetza bertaratu da. Bizilagunak atera dira; izan ere, plazako eraikinetako tximinietatik ke beltza ateratzen da. Hitzak jakin duenez, instalazio elektrikoak hartu du su, eta horren eraginez auto batek ere bai. Bizilagunei 19:20ean eman diete baimena beraien etxebizitzetara sartzeko, baina bihar arte behintzat ezin izango dute garajeetara sartu. Uneotan (20:00), oraindik suhiltzaileak ari dira lanean.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian eragina izan du suteak. Proba herrikoia normaltasunez jokatu da, baina luzean eragina izan du suteak, ibilbidea Bizkargi plazatik pasatzen delako. Azkenean, 17:30ean hasi da proba, eta ohiko ibilbidea egin dute korrikalariek. Autobusen ordutegian eta trafikoan ere eragina izango du probaren atzerapenak.