Jarri dute Azkoitiko Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen zubia

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 30a

Gruas Goiherri etxeko langileek kokatu zuten zubia atzo, ostirala. Azkoitiko Udalaren arabera, apirilaren bigarren hamabostaldirako egongo da erabilgarri zubia.

(Argazkia: Azkoitiko Udala)

Altzibar eta Jausoro auzoak lotuko dituen zubia bere tokian dago jada. Atzo, ostirala, bi ordu eskas behar izan zituzten Gruas Goiherri etxeko langileek egitura kateatu, altxa, mugitu eta dagokion tokian kokatzeko. Horretarako, 50 metro luzerako besoa duen garabia erabili zuten, eta 33 metro luzatu dute besoa. Kontrapisurako, berriz, 40 tona erabili dituzte.

Douglas pinuaren egurrarekin egin dute zubia, eta autoklabe tratamendua eman diote. Zubiak hamasei tona eta erdi pisatzen ditu, garabiaren neurgailuaren arabera. Pasabidea Belgikan egin dute, eta asteartean iritsi zen Pasaiako (Gipuzkoa) portura. Handik, konboi berezi batean garraiatu zuten Azkoitiraino. Behin zubia jarrita, egun batzuen buruan erabili eta zeharkatu ahalko dute herritarrek; izan ere, sarrera-irteerak egokitzea falta da. Apirilaren bigarren hamabostaldirako dena prest egotea aurreikusten dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide