Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri-jasotzaile azkoitiarraren biografia liburua aurkeztuko dute apirilaren 6an, larunbata, Azkoitiko udaletxean. 12:00etan hasiko da aurkezpena, eta herritar guztientzat irekia izango da ekitaldia. Zenbakitutako edizioa da kaleratuko dutena, eta 500 aletara mugatua.
Alvaro Bermejok idatzi du liburua eta Joxemi Saizarrek egin du itzulpena. Argazkiez eta diseinuaz, berriz, Joseba Urretabizkaia arduratu da. Xibarit argitaletxeak Jentilak bildumaren barruan kaleratzen duen seigarren liburua da Goenatxo II.arena. Aurrez, Patxi Astibia, Azpeitiko Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a, Miguel Mindegia, Azkoitiko Luziano Juaristi Atano X.ena eta Arroagoiko Agustin Ostolaza kirolarien biografiak jaso dituzte bilduma horretan.
Goizeko liburu aurkezpenaren ostean, omenaldia egingo diote Goenatxo II.ari. Gurea frontoian izango da ekitaldia, 18:00etan hasita, eta harri-jasotzaileek nahiz aizkolariek erakustaldia eskainiko dute bertan.