Berritu ostean, ostiralean irekiko dute Azkoitiko Xabier Munibe kalea ibilgailuentzat

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 27a

Eraberritze eta konponketa lanak egiten aritu dira azken hilabeteotan Xabier Munibe kalean. Itxura berria hartuta, ostiralean irekiko dute berriro. Bidegorria aldatu dute lekuz, txirrindulariak Elkarguneko tuneletik igaro ez daitezen. Era berean, oinezkoek lehentasuna izango duten gunea egokitu du udalak.

Javier Zubizarreta alkatea Xabier Munibe kalean egindako berrikuntza lanak berrikusten. (Azkoitiko Udala)

Berritze eta konponketa lanak amaituta, ostiralean, martxoaren 29an, zabalduko dute berriro Azkoitiko Xabier Munibe kalea ibilgailuentzat. Azkoitiko Udalak otsailaren 10ean ekin zion Xabier Munibe kaleko berritze lanei, eta erakundeak obren iraupena lau hilabete ingurukoa izango zela jakinarazi zuen arren, uste baino lehenago amaitu dituzte obrak.

Egin dituzten lanen barruan, bidegorria aldatu dute lekuz, txirrindulariak Elkarguneko tuneletik igaro ez daitezen. Gaztanenea parkearen ondoko espaloiaren paraleloan egin dute bidegorri berria, Elkarguneko tuneletik Parrokiaren aurreko bidegurutzerainoko zatian, hain zuzen. Era berean, oinezkoek lehentasuna izango duten gunea egokitu du udalak. Horrez gain, errepidearen eta espaloiaren arteko kotak berdintu ditu, hango irisgarritasuna hobetzeko asmoz.

Javier Zubizarreta alkatea lanak ikusten izan da gaur, asteazkena, eta langileak zoriondu ditu lanak "txukun eta azkar" egiteagatik, eta modu horretan herritarrei "ahalik eta traba gutxien" eragiteagatik. 

Azkoitiko Udalak Egurki enpresari esleitu zizkion Xabier Munibe kalea berritzeko lanak. Obren aurrekontua 228.482,29 eurokoa izan da, BEZa barne.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide