Laburbiraren aurtengo uzta aurkeztuko dute ostiralean Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 27a

Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak Azkoitian egingo du geldialdia datorren ostiralean, hilaren 29an, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta. 2016 eta 2018 urte bitarteetan ekoitzitako honako bederatzi film labur ikusi ahal izango dira emanaldian: Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez), Shell phone (Miren Mujika), Zapatak (Irati Murua), Ama (Josu Martinez), June (Arantza Ibarra), Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira), Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez), Erroak (Ane Zuazubiskar) eta Handiak eta txikiak (Laida Ruiz).

Sortzaile gazteen eta esperientzia luzekoen zuzendarien askotariko lanak izango dira emango dituztenak, eta guztira, "kalitatezko" ordubeteko emanaldi "dibertigarria" osatuko dute. Gainera, Laburbiraen emanaldiaren aurretik, Jakinek, EHUk eta AEK-k ekoitzi duten Txillardegiren Klika dokumentala eskainiko dute. 22:00etan hasiko da saioa Baztartxo antzokian, eta Maxixatzeneko kideek doan izango dute sarrera; gainontzekoek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide