Hasi dira Azkoitiko Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen zubia jartzen

Ane Olaizola 2019ko martxoaren 27a

Altzibarko Elusokorta saltokiaren ondoko kalearen ondotik Jausoroko Txuri Urdin elkartearen pareraino iritsiko da zubia, eta oinezkoek eta txirrindulariek bina errail izango dituzte.

Atzo, asteartea, iritsi zen Pasaiako portutik (Gipuzkoa) Altzibar eta Jausoro arteko zubiaren egitura Azkoitira, eta beharginak dagoeneko hasi dira hura ipintzeko lanetan. Astebete inguru iraungo dute aurrefabrikatutako zubia jartzeko lanek, eta horrenbestez, udalak hala aurreikusi bezala, Aste Santurako erabilgarri egongo da zubia. Lanak amaitutakoan, beraz, bi auzoak lotuta geratuko dira 28 metro luze eta lau metro zabal dituen egurrezko pasabidearen bidez.

Altzibar plaza kalearen ondoan egingo dute zubia, eta Elusokorta saltokiaren ondoko kalearen paretik Jausoro auzoan dagoen Txuri Urdin elkartearen pareraino iritsiko da. Oinezkoentzako zein txirrindularientzako pasabidea izango da, eta bakoitzarentzako bina errail egokituko dituzte. Era berean, bidegorri sarea osatzeko balioko du zubiak. Izan ere, azpiegitura horrek txirrindularien bi ibilbide nagusi lotuko ditu: Anaitasuna plaza kalekoa eta Jausoro auzoa zeharkatzen dituena.

Azken urteetan atzeratzen joan den proiektua da bi auzoak lotzeko zubiarena, besteak beste, Uraren Euskal Agentziak (URA) eman beharreko baimenen eta ezarri beharreko koten ondorioz; izan ere, 2017ko azaroan igorri zion udalak URAri proiektua, eta iazko urrian jaso zuen erakundeak agentziaren erantzuna. Hain zuzen ere, URAk orduan hainbat eskaera egin zion udalari, eta besteak beste, zubiaren kotak eta altuera aldatu behar zituela galdegin zuen URAk. Azkoitiko Udalak URAren azken proiektu hori onartu ondoren hasi zuen lizitazio prozesua, iaz.

Urbycolanek egingo ditu lanak, eta enpresak eta udalak joan zen azaroan sinatu zuten proiektua. Dena den, beste behin moldatu egin behar izan zuten proiektua orduan, eta besteak beste, zubiaren forma eta kokapena «apur bat» aldatu behar izan zituzten. 174.608 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide