Etxeak, ez aurrera eta ez atzera

Ihintza Elustondo 2019ko martxoaren 27a

Azkoitiko Floreaga auzoko Babes Ofizialeko Etxebizitzen obrak geldirik daude. Inplikatu batek azaldu du ez duela informaziorik. Udalak eta Visesak ez dute obrak geldirik egotearen arrazoia argitu.

Floreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen obrak geldirik daude. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Floreaga auzoko Tekla guneko Babes Ofizialeko Etxebizitzen obrak ez aurrera eta ez atzera daude azken hilabeteotan. Lanak geldirik zergatik dauden jakiteko, Azkoitiko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Visesa erakunde publikoarekin harremanetan jarri da UROLA KOSTAKO HITZA, baina haiek ez dute zergatia argitu oraingoz. Visesak azaldu du egoera aztertzen ari direla, "alde guztientzat irtenbiderik egokiena" bilatzeko. Pare bat aste barru "informazio guztia" emango dutela ere esan du Visesak.

Horren aurrean, Floreagan eraikiko dituzten hamasei etxebizitzetako bat egokitu zaion pertsonarekin hitz egin du hedabide honek, eta hark azaldu du ez duela inolako informaziorik. "Udalak Visesarengana bideratzen gaitu, eta Visesak udalarengana, eta guk ez dakigu zer egin. Zer gertatzen ari den jakin nahi dugu".

Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak 2007an sinatu zuten Floreagan Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena. Urteak igaro ziren aurrerapausorik eman gabe, eta proiektua martxan jartzeko tramiteak, azkenean, 2016ko urrian hasi zituzten. 2017an egin zuten etxebizitzen zozketa, eta etxea egokitu zitzaien pertsonei jakinarazi zieten 2019aren urte amaierarako etxebizitza eskuratuko zutela.

Ordea, duela hilabete batzuk kezkatzen hasi ziren etxejabeak, Floreagako obrak geldirik zeudela ohartu zirenean. Egoera horren aurrean, galdezka hasi zen hedabide honekin hitz egin duen inplikatua. "Visesara deitu nuen, eta han esan zidaten baietz, obrak geldirik zeudela. Azkoitiko Udala etxebizitzen proiektuan aldaketaren bat egiten ari zela azaldu zidaten, eta aldaketa horiek egin arte, ezin zutela obrekin jarraitu". Hori entzunda, udalera jo zuen inplikatuak. "Udalean esan zidaten beraiek ezetz, Visesa ari zela proiektu horretan aldaketaren batzuk egiten, eta horren ondorioz zeudela obrak geldirik".

Horren aurrean, etxejabeak berriro deitu zuen Visesara, eta hango ordezkariek esan zioten ezin ziotela informaziorik eman. "Obrak martxan jartzen zirenean abisatuko zidatela esan zidaten, baina horretarako datarik ez zidaten zehaztu".

Tramiteak ere atzeratzen
Obrak ez ezik, tramiteak ere atzeratzen ari direla azaldu du inplikatuak. Haren arabera, esan zioten etxejabeek lehen kontratua 2017ko irailean sinatuko zutela, baina berak oraindik ez du halakorik egin. Etxejabea kezkatuta dago kontu horrekin ere: "Beti esaten digute lasai egoteko, laster konponduko dutela arazoa eta deituko digutela, baina ez digu inork deitzen".

Oraingoz, inork ez dio inplikatuari etxebizitzak esanda baino beranduago bukatuko dituztenik jakinarazi. "Visesarekin hitz egin nuen azken aldian, esan zidaten ez dela datarik aldatu, eta denak aurrera jarraitzen duela". Dena den, etxejabeak "oso zaila" ikusten du urte amaierarako bere etxeko giltzak eskuratzea. Izan ere, gaur-gaurkoz, etxebizitzen oinarria baino ez dago eginda.

Gertatzen ari dena ikusita, "zerbait jakitea" da inplikatuak nahi duen gauza bakarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide