Azkoitiko San Jose adinekoen egoitza herrigunera ekartzea eskatzeko, joan den otsailean Egoitza Kalera taldea sortu zuten hainbat herritarrek. Orduz geroztik, sinadurak biltzen ari da taldea, eta oraingoz, 2.500 lagunen babesa jaso dute. Taldeak jakinarazi duenez, aste honetan bertan bukatuko dute sinadura bilketa.
Aste honetan, hiru egunez jarriko dute sinadurak biltzeko mahaia: ostegunean, ostiralean eta larunbatean. Ostegunean eta ostiralean, 19:00etatik 20:00etara bitartean izango da agiria sinatzeko aukera, eta larunbatean, 11:00etatik 13:00etara. Eguraldi ona bada, eliz atarian jarriko dute sinadurak jasotzeko mahaia, eta eguraldi txarra bada, berriz, Kontzejupean.
Gaur egun, Azkoitiko Santa Kutz auzoko muino batean kokatuta dago adinekoen San Jose egoitza, eta gunea herrigunera lekualdatzea eta gaia herriratzea nahi du Egoitza Kalera taldeak. Izan ere, egoitzaren kokapena ez zaie egokia iruditzen talde horretako kideei, batez ere, "irisgarritasun" arazoak eragiten dituelako. Taldearen arabera, eraikinera iristeko "aldapa handia" igo behar da, eta "herrigunetik aparte" dago eraikina. Haien ustez, egoitza kaletik gertuago balego, herritarrak "errazago" joango lirateke egoiliarrak bisitatzera.
Taldekideek badakite proiektua ezingo dela "egun batetik bestera" gauzatu, eta horregatik erakundeei gaiari arreta jartzen hasteko eskatu die: "Gaiaz pentsatzen hasteko eskatu nahi diegu, gero lanari ekiteko".