Bizkargi musika eta dantza taldeak antolatutako Taldez Talde zikloa 20. ediziora iritsi da aurtengoarekin eta gaur eguerdian izan da edizio berriaren lehen hitzordua. Bizkargi eta Iraurgi, herriko bi abesbatza izan dira estreinaldiko kontzertuaren protagonistak.
Bizkargiko kantari gazteekin hasi da emanaldia jendez gainezka zegoen Kontzejupean. Maje Larrañagaren zuzendaritzapean eta Marijose Arregik pianoarekin lagunduta, Errefuxiatuarena (Izaro), Reggaean hegan (Vendetta), It's raining men (Jabara/Schaffer), Irudi biluztuak (Ken Zazpi) eta Dancing Queen (Abba) abestu dituzte Bizkargikoek. Haiei txanda hartuta, lau pieza eskaini ditu Iraurgi abesbatzak, Iñaki Maidaganek zuzenduta: Oi ama Euskal Herri (Benito Lertxundi), Loriak udan (Bilintx, David Azurzaren moldaketarekin), Mary did you know (Aiken) eta Mutil txaleko gorri (Guerrero/Azkue). Kontzertua bukatzeko, bi abesbatzetako kideak igo dira Kontzejupean jarritako oholtzetara eta elkarrekin kantatu dituzte Ken Zazpiren Orain itsasoa gara eta Ipharadisi, Hegoafrikako abesti tradizionala.
XX. Taldez Talderen bigarren emanaldia gaur zortzi izango da, martxoaren 31n, gaurkoaren toki eta ordu berean (12:30). Euskal musika tresnak eta dantza izango dira bigarren saioaren ardatza.
Hona hemen, abesbatzen kontzertuko argazkiak: