'K-Baret' ikuskizuna, estreinatzear

Maialen Etxaniz 2019ko martxoaren 21a

Azkoiti-Azpeitiko Bigoterik Gabe antzerki taldeko kideen obra musikatua da ‘K-Baret’. "Dantzaz eta sentsualitatez betetako antzezlana" dela diote sortzaileek. Bihar emango dute aurrenekoz.

https://www.youtube.com/watch?v=zgvY0lf4CLw&feature=youtu.be

Sentsualitatez jantziko da Azkoitiko Bastartxo antzokia datorren asteburuan. Izan ere, aurrenekoz eskainiko dute K-Baret ikuskizuna Bigoterik Gabe antzerki taldeko kideek Azkoitiko Baztartxo aretoan. Bi emanaldi eskainiko dituzte egunotan. Aurrenekoa bihar izango da 21:30ean hasita. Zapatuan emango dute bigarrengo emanaldia, 18:30etik aurrera. Hitzordu handiaren atarian, egindako lana erakusteko gogoz daude obraren zuzendari Xabier Barquero (Azkoitia, 1997) eta Kari Alberdi (Azkoitia, 1996).

Gazteak izanagatik ikuskizunak prestatzen badute eskarmentua Alberdik eta Barkerok. 2013. urtean ekin zioten emanaldiak prestatzeari, beren grinetatik abiatuta. Rise & Shine obra sortu zuten aurrena, eta Shine Again ondoren. Bi lan horiek izandako arrakastaren ondoik iritsi da K-Baret lana, "dantzaz eta sentsualitatez betetako obra".

Bihar estreinatuko duten obran parte hartuko dute orain arteko beste bi musikaletan artista lanetan aritu diren gazte ugarik. Izan ere, Barquerok kontatu duenez, Rise & Shine obra egiterakoan kasting bat egin zuten antzerkiaz interesa zuten Azkoitiko nahiz Azpeitiko gazteekin, eta orduz geroztik antzeko jendearekin egin dute lan. "Hainbat lagun joan-etorrian ibili dira, baina gehienak hasieratik daudenak dira", kontatu du Barquerok. Antzerkiko parte-hartzaileak ia berak diren arren, plazaratzear dauden musikala orain arteko lanekin alderatuta "oso ezberdina" dela diote: "Abesti aldetik, dantza aldetik, jantzi aldetik...". K-Bareten sortzaileek arropa prestatzeko egin duten lana nabarmendu dute: "Asko landu dugu jantzien arloa. Hasieratik genekien jantziek estilo klasikoa behar zutela izan; eleganteak, disdiratsuak, lentejueladunak... Pertsonaia bakoitzari zein arropa jarri erabakitzea eta hori artistei egokitzea zaila izan da". Kontatu dutenez, istorioak eta jantziek "lotura" dute.

Zuzendariei "betidanik" gustatu izan zaie kabaretaren mundua. Horrela kontatu du Alberdik: "Beti izan dugu kabareta egiteko nahia. Izan ere , kabaretean oinarritutako filmak asko gustatzen zaizkigu, eta erreferentzia asko ditugu hainbat lanetan, hala nola pelikuletan edo telesailetan. Horiek kontuan hartuta sortu dugu gure istorio propioa".

Sormen prozesu kolektiboa

K-Baret obraren sormen prozesua "berezia" izan dela kontatu du Barkerok: "Ikuskizun musikal honen prozesua ezberdina izatea nahi genuen. Hain zuzen, istorioaren gidoia denon artean sortzea lortu nahi genuen. Hau da, guk pertsonaia batzuk sortzea, istorioaren zenbait zertzelada proposatzea eta, ondoren, denok elkarrekin gidoia garatzea, ekarpenak eginez, aldaketak proposatuz...". Barkerok dio antzezlanean parte hartzen duen pertsonarentzat "aberasgarria" dela obraren sortze prozesuan parte hartzea: "Antzezlanaren sormen prozesuko partdaide izanda askoz ere politagoa eta errazagoa da ondoren obra horretan lan egitea". Obra osatzeko jakintzak kolektibizatu dituzte. "Batzuek makilajeaz dakitena besteei erakutsi diete: nola makilatu, zein material erabili... Jantziei dagokienean ere, berdin. Elkarlana izan da guztiaren oinarri. Izan ere, bakoitzak dakiena besteari erakutsi dio, eta modu horretan denok ikasi dugu", azaldu du Barquerok. Beren kasa gauza ugari egin dituzten arren, herritar askoren laguntza eta babesa izan dutela azpimarratu dute, eta bidelagun izan dituzten kideei eskerrak eman dizkiete. Maiatzean bi urte beteko dira obra gorpuzten hasi zirenetik.

Sentipenak astintzera

Bihar Baztartxora bertaratzen diren ikus-entzuleek kabaret zahar bateko gorabeherak ikusiko dituzte oholtzan. Aspalditik itxita zegoen Dumont familiaren kabaret zahar bat alokatuko dute Rosek eta Juliettek. Lokal horretan hainbat artista bizi dira. Artista bakoitza istorio bat eramango du lokalera, eta denak aterpe beraren azpian elkartuko dira. Ikus-entzuleak lokal horretan jazoko denaren testigu izango dira emanaldian zehar, eta Cedric Flamcourtek gidatuko du saioa.

Sortzaileen aburuz, "publikoa ez da sartu bezala irtengo aretotik". Izan ere, "pertsonengan eragiteko" sortutako obra da K-Baret. "Ez genuen nahi entretenimendu hutsera bideratutako obra bat egiterik. Lan honekin jendea hausnarketara gonbidatu nahi dugu", diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide