Astelehenean hasiko da Azkoitiko Udaberri Idi Dema Saria

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 21a

Astelehenean eta asteartean izango dira probak. Honako partaide hauek lehiatuko dira: Oliden, Soarte, Matxain, Galder Bolaño, Barriola, Izeta eta Iñaki Lopategi.

Udaberri Idi Dema Sariko artxiboko irudi bat. (Ibon Errazu)

Datorren astean hasiko da Azkoitiko kintopeko Udaberri Idi Dema Saria. Aurtengo edizioan, bi egunetan izango dira probak: astelehenean eta asteartean. Astelehenean, Orioko Oliden, Elgoibarko (Gipuzkoa) Soarte, Errenteriako (Gipuzkoa) Matxain eta Laudioko (Araba) Galder Bolaño lehiatuko dira, 21:30ean hasita. Asteartean, berriz, Asteasuko (Gipuzkoa) Barriola, Aiako Izeta eta Mungiako (Bizkaia) Iñaki Lopategi ariko dira, 22:00etatik aurrera. Gurea pilotalekuan izango dira probak, ohi bezala, Azkoitiko Probazale Elkarteak antolatuta. Haien arabera, bigarren saioko partaideak dira faboritoak.

Guztiek 1.600 kiloko Ipintza harriari egin beharko diete tira, baina idien pisuaren arabera, zama handiagoa ere eraman dezakete. Hain zuzen ere, 1.100 kilotik pasatzen den idi pareak, hortik gorako kilo bakoitzeko kilo eta erdi gehiago eraman beharko du, Ipintza harriaren gainean. Proba bakoitzaren egunean, 10:00etan pisatuko dituzte idiak.

Asteleheneko eta astearteko probetan ordu erdiko txandak egingo dituzte, eta bi saioen artean harriari itzuli gehien ematen dizkion idi parea izango da irabazlea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide