Azken urteetako ohiturari jarraituz, Goienetxe fundazioko Garagune zentroko kideek eskuz egindako materiala salduko dute bihar, ostirala, Azkoitian. Udaletxe azpian jarriko dute postua, eta oihalezko karterak, bitxiak, giltzatakoak, bufandak eta beste hainbat produktu salduko dituzte. Fundazioko kideak 10:00etatik 13:00etara bitartean egongo dira produktuak saltzen.
Azpeitiko Eliz kalean dagoen Antxieta etxean dago Garagune zentroa, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsonak elkartzen dira han. Garagune zentroen helburua da adimen urritasuna duten pertsonak "lehen mailako hiritarrak" izatea, eta haiek eskubide berak izan ditzaten egiten dute lan. Besteak beste, adimen urritasuna dutenen independentzia, integrazioa, autonomia edota osasuna bermatzeko hainbat egitasmo gauzatzen dute.