Igandean hasiko da Azkoitiko XX. Taldez Talde musika zikloa

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 21a

Guztira, hiru musika eta dantza emanaldi izango dira, Kontzejupean. Lehen saioan, Iraurgi eta Bizkargi abesbatzak ariko dira zuzenean.

Iazko Taldez Talde musikaldiko irudi bat. (Nerea Uranga)

Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Azkoitiko Udalak aurten ere prestatu dute Taldez Talde musika zikloa. Aurtengoa hogeigarren edizioa izango da, eta guztira, hiru emanaldi izango dira, datozen hiru igandeetan. Saio denak Kontzejupean izango dira, 12:30ean hasita.

Datorren igandean, martxoaren 24an, izango da lehen emanaldia. Lehen saioan, Iraurgi eta Bizkargi abesbatzak arituko dira kantuan, Iñaki Maidaganen eta Maje Larrañagaren gidaritzapean, eta euskarazko hainbat kantu eskainiko dituzte bi taldeek. Bigarren saioa martxoaren 31n izango da, eta euskal musika tresnak eta dantza izango dira emanaldiko ardatzak. Azken ikuskizuna, berriz, apirilaren 7an izango da; herriko musika bandak eta musika eskolako ikasleek eskainiko dute zuzenekoa. 

 

 

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide