Azkoitian jokatuko dute Euskal Pilota Egokitua II. Master Cup txapelketako lehen kanporaketa

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 20a

Gurea pilotalekuan jokatuko dute kanporaketa, larunbatean. 11:00etan, adimen urritasuna duten pilotariak lehiatuko dira, eta 16:30ean, urritasun fisikoa dutenak.

Txapelketaren aurkezpeneko irudia. (Master Cup)

"Iazko esperientzia bikainak utzitako aho gustu bikainaren" ostean, Euskal Pilota Egokitua II. Master Cup txapelketa aurkeztu dute. Egitasmoak "beste urrats bat" emango du aurtengoan ere adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonek egiten duten lana ikusarazteko. Guztira, adimen urritasuna duten hamahiru pilotarik eta gurpil aulkian dauden beste hamazazpik eman dute izena txapelketan. Tartean bada inolako ezgaitasun fisikorik ez duen parte hartzailerik, eta antolatzaileen arabera, horrek "benetako izaera integratzailea" ematen dio lehiaketari. 

Azkoitian jokatuko dute txapelketako lehen kanporaketa, datorren larunbatean, martxoak 23. 11:00etan eta 16:30ean jokatuko dituzte partidak, Gurea pilotalekuan. Goizean, adimen urritasuna duten kirolariak ariko dira, eta arratsaldean, urritasun fisikoa dutenak –gurpil aulkian daudenak–. Finala, berriz, apirilaren 7an jokatuko dute, Beasainen (Gipuzkoa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide