"Orain ulertzen dut oihanera petrolio bila joaten direnean indigenak nola sentitzen diren". Halaxe deskribatzen du bere sentipena Pello Eizagirrek (Azkoitia, 1960). Hura eta haren emazte Amaia Ortiz de Villalba (Eibar, 1966) Azkoitiko Jauregi baserrian bizi dira, eta etxe ondoan dituzten lurretan, oilasko ustiategi bat dute, 2002az geroztik. Bake-bakean eta ederki bizi ziren orain arte, baina etxe ondoan kamioien joan-etorria ikustean hasi ziren kezkatzen: "makro obra" bat egiten ari dira beraien ustiategitik 25-30 metrora.
2012an ohartu ziren etxe ondoko joan-etorriaz, eta zer egiten ari ziren jakin nahian, Azkoitiko Udalera jo zuen bikoteak. Han esan zieten lur betelan bat egiten ari zirela beren etxe ondoko aldapan; hau da, obretan soberan gelditutako lurrak eta harriak botako zituztela gune horretara. Lan horiek beren ustiategian izan zezaketen eraginaz kezkatuta, proiektua eskuratu zuten, eta han ikusi zuten obrak beraien ustiategiaren "ondo-ondora" iristen zirela. Horrek sortu du haien haserrea; izan ere, ustiategia zabaldu zutenean, baserriko oilaskoak hazteko, baldintza bat bete behar zela jakinarazi zieten: "Udalak esan zigun 500 metroren bueltan ezin genuela aktibitaterik edo poligono industrialik izan".
Bikoteak ahalegin handian eman ditu urteak, oilaskoak lasai eta libre haz zitezen. Esaterako, butaneroak eta pentsuzaleak badakite ez dutela bozinarik jo behar, oilaskoak ez aztoratzeko. Egun, alferrik esango diete haiei isilik ibiltzeko: "Orain, 25 metrora, sekulako zarata dugu: makina hondeatzaileak, kamioiak, bozinak... dabiltza bueltaka. Ondorioz, gure oilaskoek gehiegizko estresa dute, eta ez dira belardira ateratzen txabolatik", azaldu du Eizagirrek.
Azkoitiko baserrian ez dituzte lau edo bost oilasko. Guztira, 3.900 dituzte, hiru txabolatan banatuta eta hektarea bateko belardiarekin, eta Jauregi baserrikoentzat "sekulako arazoa" da zarata horrek sortzen diena. "Orain, 10-11 aste dituzte oilaskoek, eta adin horretan, kanpoan ibili ohi dira oilaskoen %80. Gorri-gorri egoten da ingurua", dio Ortiz de Villalbak. Orain, berde-berde dago zelaia; ez dauka lehengo gorri ukiturik. Albaitari teknikoaren txostena ere badute: "Oilaskoak estresatuta daude", dio.
"Betelana ez, zabortegia"
Bikoteak zehaztu duenez, Altuna y Uria enpresa ari da lanak egiten, eta "beharrezko baimen guztiak" ditu lanak gauzatzeko. Baina bada baserritarrek ulertzen ez duten gauza bat: "Harritzen gaituena da, bere garaian, baimenak eman zirenean, udalak nolatan ez zituen kontuan izan inguruko baserritarrak eta haien ustiategiak. Ingurumen teknikaria, arkitektoa eta prestatutako jende ugari dago udalean, eta uste dut begiratu behar luketela herritarrei zer kalte eragiten dien horrelako makro obra batek, nahiz eta Uraren Euskal Agentziaren, Eusko Jauralaritzaren Ingurumen Sailaren eta abarren baimenak izan".
Egun erabat estalita badago ere, obrak egiten ari diren gunean "zulo handi bat" zegoen lehen. Bi fasetan egin dituzte lanak, eta fase horietako bakoitzean lautada bana osatu dute. Dena den, bikotea ez dago ados obrei eman dieten "lur betelan" izendapenarekin. "Berez betelanen kasuan, lurra eta harriak soilik botatzea dago baimenduta, baina hor denetarik jaurti dute: burdindegiko zepa, obra hondakinak, plastikoak, gurpilak... Guk eskatuta, udaltzainak etorri izan dira ikustera, eta txosten bat baino gehiago daude obra horietan irregulartasunak egon direla erakusten dutenak". Hori horrela, argi diote: "Hau ez da betelan bat, zabortegi bat da". Horrek ere kezkatzen du bikotea: "Zer txikizio da hau? Zer kalte eragiten dio proiektu honek ingurumenari? Ingurutik pasatzen den jende ugarik galdetzen du zertan ari diren", adierazi du Eizagirrek.
Gune horretara jaurti dituzten hoondakinei ateratako argazkiekin udaltzainek egindako txostenak. (I.E.)
Beste kezka bat ere badute: "Obrak amaitzen dituztenean, zer egingo dute hor? Bi lautada horietan zer egingo dituzte, tailerrak?". Bikotearen arabera, lurrak berez nekazaritza eta abeltzaintza erabilerarako izendatuta daude, baina kalifikazio hori aldatuko ote dieten beldur dira. "Zer etorriko zaigu etxe ondora? Ez dakigu nork daukan informazio hori, baina nahiko genuke jakin".
"Oso minduta" daude Eizagirre eta Ortiz de Villalba gertatzen ari denarekin. Biak baserritik bizi dira, baserria dute ogibide, eta duela hamazazpi urte egindako apustua amildegian behera erortzeko zorian ikusten dute. "Bere garaian, baserriaren alde egin genuen apustu, gero eta jende gutxiagok egiten duen arren, eta orain, aintzat hartu gabe sentitzen gara. Ez dakigu Azkoitian zenbat baserri egongo diren, 300dik gora agian, eta ustiategietatik bizimodua ateratzen dugunak, 20-30 izango gara. Jendeak jakin dezala, egoera honek horrela jarraitzen badu, bat gutxiago izango dela".
"Injustizia handi bat" iruditzen zaio bikoteari gertatzen ari dena. "Osasuna galtzen ari gara", diote. Eta kasualitatea edo ez, ez da hondakindegi batek loa galarazten dien lehen aldia. 1969tik 1980ko hamarkadara bitartean, bi errausketa-labe egon ziren martxan beren etxe ondoan; hantxe erretzen zituzten herriko zabor guztiak. Egun, hondakinak tapatuta eta ingurua berde-berde badago ere, tarteka kristal zatiak ateratzen dira lur gainera. Ikusi nahi ez dena tapatzen saiatuta ere, lehenago edo beranduago, beti ateratzen baita azalera.