Armairutik, Mata Marketera

Maialen Etxaniz 2019ko martxoaren 14a

Mata Market azoka egingo dute larunbat arratsaldean Azkoitiko Matadeixen. Azokara bertaratzen diren lagunek bigarren eskuko arropa ez ezik, Zintzilikargiko sortzaile gazteek egindako telazko poltsak aurkituko dituzte, baita apaingarrien postu bat ere. Egitasmoaren antolatzaileek uste dute "gauza gutxirekin gauza ederrak" egin daitezkeela, eta filosofia horrekin prestatu dute azoka. Eguna iristeko irrikaz daude jada.

Azkoitiko Matadeixe (Argazkia: Ane Olaizola)

Mata Market azoka iritsiko da larunbatean, martxoak 16an, Azkoitiko Matadeira. Bi gazteren burutapenetatik abiatutako proiektua da Mata Market, pixkanaka forma hartzen joan dena. Julian Balenziaga azkoitiarra da egitasmoaren antolatzaileetako bat, eta larunbata iristeko irrikaz dago. 

Hark kontatu duenez, asteburu arrunt batean hasi zen Mata Marketen istorioa: "Neskalaguna eta biok armairuetan geneukan arropa txukuntzen ari ginela hasi zen dena. Garbiketa lanetan genbiltzala ohartu ginen erabiltzen ez genuen arropa ugari geneukala gordeta, eta horrekin zer egin genezakeen pentsatzen jarri ginen. Lagunekin hitz egitean, ikusi genuen haiek ere bazutela pilatuta erabiltzen ez zuten arropa. Hortaz jabetuta bururatu zitzaigun bigarren eskuko azoka antolatzea". Balenziagak eta haren neskalagunak bazuten proiektu proposamena, baita ilusioa ere, baina lekua falta zitzaien. Ez zekiten azoka hura non egin, egun batean Matadero Ekintzak taldeko kideekin harremanetan jarri ziren arte. Balenziagak azaldu duenez, bigarren eskuko azokaren proposamenak "harrera bikaina" izan zuen asanbladako kideen artean: "Matadeiko bilera batera joan ginen, eta primeran hartu gintuzten hango kideek. Laguntzeko izugarrizko prestutasuna agertu zuten lehen unetik, eta erraztasun ugari jarri zizkiguten". Behin ideia bururatuta eta lekua zehaztuta, azken asteotan proiektua gorpuzten aritu dira Balenziaga eta haren ingurukoak. Orain, eguna iristeko atzera kontaketan sartuta daude. 

Denetarik, denentzat

Zapatuan, 16:30ean irekiko dute Azkoitiko Mata Market, eta zabalik izango da 22:00ak aldera arte. Denbora tarte horretan musikarik ez da faltako, Doroteo DJ azkoitiarrak girotuko baitu azoka.

Azokara bertaratzen diren lagunek bigarren eskuko arropa ez ezik, Zintzilikargiko sortzaile gazteek egindako telazko poltsak aurkituko dituzte, baita apaingarrien postu bat ere. Gainera, erosketak egiteko aukera eskaintzeaz aparte, haurrentzako txoko bat egokituko dute Mata Market bertan, txikienek ere izan dezaten zer egin eta zertaz gozatu arratsaldean zehar. Balenziagak esan duenez, adin guztietako jendearengana iristeko saiakera egin dute: "Azokara bertaratzen direnek denetarik egiteko aukera izango dute: postuak kuxkuxeatu, trago bat hartu, musikaz gozatu, erosketak egin... Adin ezberdinetako herritarrengana iritsi nahi dugu, eta horregatik otu zitzaigun gaztetxoentzako gunea jartzea; izan ere, guraso direnak ere azokara animatu nahi ditugu". Haurren txokoan, hainbat ekintza egingo dute arratsaldean zehar. Esaterako, mural bat sortuko dute berrerabilitako materialarekin.  

"Gauza gutxirekin gauza ederrak" egin daitezkeela uste dute Mata Market azokaren sustatzaileek. Filosofia horrekin antolatu dute egitasmoa. "Gure helburua ez da bigarren azokarekin dirua irabaztea. Postuetan jarriko ditugun jantziak gaur egungoak eta politak dira, eta egoera onean daude, baina prezio sinbolikoan jarriko ditugu eskuragarri. Berrerabili daitekeen materialari bizia ematea da nahi duguna, uste baitugu ilusioa jarrita, gutxirekin gauza politak egin daitezkeela", adierazi du Balenziagak. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide