Inklusioaren dantzariak

Ane Olaizola 2019ko martxoaren 13a

Murua, Verdini, Vazquez, Miranda eta Otaño, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Udalak antolatuta, Verdini dantza taldeak Nire, zure, gure Verdini: 25 urte dantza ikuskizuna eskainiko du datorren igandean, hilaren 17an, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Aniztasun funtzionala duten hemezortzi dantzari igoko dira Baztartxoko taula gainera, eta 12:30etik aurrera, dantzaren bitartez inklusioaren aldeko pausoa emango dute. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute emanaldia Azkoitiko Udaleko Sonia Vazquez Kultur zinegotziak, Isabel Verdini ikuskizunaren zuzendari eta sortzaileak, Jesus Murua Verdini dantza taldeko lehendakariak, Olatz Miranda Atzegi elkarteko arduradunak eta Iraitz Otaño elkarte horren barruko Txolarte aisialdi taldeko Urola Erdiko koordinatzaileak. Izan ere, elkartasun emanaldia izango da igandekoa, eta han bildutako dirua Txolarte taldeari emango diote. 

Duela 25 urte sortu zen Verdini dantza taldea, desgaitasuna duten pertsonen integrazioa bermatzeko helburuarekin. Azken mende laurdenean 11 obra inguru sortu ditu, eta taldearen ibilbideko hainbat koreografia taularatuko dute igandean. Hain zuzen ere, dantzariei gehien gustatu zaizkien piezak aukeratu dituzte emanaldirako, eta istorio baten barruan txertatuko dituzte horiek. Verdiniren esanetan, ikuskizun "polita eta hunkigarria" izango da, eta obraren atzean "profesionaltasun handia" dago.

Verdini taldeko dantzariak. (Kulturklik)

Taldearen sorrreraz ere hitz egin du obraren zuzendariak: "Bartzelonan dantza ikasketak egiten ari nintzela, nire iloba Haizea jaio zen. Down sindromea du Haizeak, eta nire familian zoramena eragin zuen horrek. Zerbaitetan laguntzea nahi nuen nik, eta dantza eta aniztasun funtzionala ikertzen hasi nintzen. Ahizpari agindu nion Haizea, desgaitasuna izanagatik, dantzaria izango zela ni bezala, eta hortik abiatuta, lan asko egin dugu 25 urteetan". Verdiniren esanetan, asko borrokatu dute aniztasun funtzionala duten pertsonek kulturan beren lekua izan dezaten, baina ekinaren eraginez lortu dute taldeko dantzariak aintzakotzat hartzea. Muruak ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du lan eta saiakera ugariren ondorioz egiaztatu dutela "benetako dantzariak" direla hango kideak. "Guretzat garrantzitsuena da jendeak ikustea dantzariek taula gainean zenbaterainoko ahalmena duten. "Desgaitasuna dute, baina finean, pertsonak dira, eta hori da Verdiniren funtsa".

Aisialdiaren garrantzia

Mirandak, bere aldetik, Atzegiren nondik norakoez hitz egin du. Haren arabera, elkartearen helburua da adimen urritasuna duten pertsonen bizi kalitatea "ahalik eta onena izatea" eta haien eskubideak bermatzea. Zentzu horretan, pertsona horien aisialdian jarri du arreta elkarteko arduradunak, eta arlo horrek uste baino garrantzia handiagoa duela azpimarratu du: "Aisialdia ez da ongi pasatzeko une bat; hori baino askoz gehiago da. Lagunekin egoteko momentua da, herriko espazioak erabiltzen ditugu eta herriko beste pertsonekin harremanetan jartzen gara. Gure gaitasunak ere garatzen ditugu, eta hori oso garrantzitsua da edonorentzat, baita adimen urritasuna dutenentzat ere". Eremu horretan egiten du lan Txolarte taldeak, eta hori guztia 300 boluntariori esker gauzatzen dutela gaineratu du. Hain zuzen ere, Otaño da hango boluntarioetako bat azken sei urteetan, eta hark gogoratu du adimen urritasuna duten pertsonak "etxean sartuta, baztertuta" egon direla urte askotan. Horregatik, taldearen asmoa da pertsona horiek "plaza publikoa hartu" eta haien aisialdirako eskubidea bermatzea. Astebururo elkartzen da Txolarte taldea, eta urtean bitan oporretara joaten dira, horretarako eskubidea ere "denek" dutelako. Otañoren esanetan, ikuskizun horri esker plan berezi bat egiteko aukera izango dute asteburu batean. Hori hala, eskerrak eman dizkio Verdini taldeari.

Sarrerak lau eurotan jarri dituzte antolatzaileek, eta egunean bertan salduko dituzte antzokiko leihatilan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik. Era berean, Baztartxo ondoan dauden Oteiza pilotalekuak autoentzako egokituko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide